Errentarako apartamentuetan bizitzeko lehentasuna nork edukiko duen dioen zerrenda osatuta dago. Orain zerrenda buruek zozketarako baldintzak betetzen dituzten egiaztatu beharko da. Aste Santu orduko kontratuak sinatzea aurreikusi dute.
Eguerdiko 12ak pasatxoan egin dute gaur Arrazolako etxebizitza sozialen zozketa. Atxondon egin den lehen zozketa izan da gaurkoa. Hamasei lagun egon dira izena emanda lau apartamentuetarako. Zozketatik hiru zerrenda egin dituzte: logela bateko apartamentu bientzat lehenengoa, bi logelako etxebizitzarentzat bigarrena eta hiru logelarkoarentzat hirugarrena. Zerrenda horren araberako lehentasuna izango dute izena eman dutenek apartamentuen kontratua sinatzeko.
Baldintzak
Alokairuzko etxeen zozketan izena emateko baldintza bakarra Atxondon erroldatuta egotea izan da. Orain, etxebizitza eskuratzeko beste baldintzak betetzen dituzten egiaztatu beharko dute. Hiru dira baldintzak: 3.000 eta 35.000 euro arteko errentza ponderatua izatea; Atxondon gutxienez urte betean erroldatuta egotea; eta azken bi urtetan etxebizitzarik ez eduki izana.
5 urterako kontratua
Apartamentuetan orain obra txikiak egiten dabiltza: elektrizitatea ipintzen, lurra jartzen... eta hile bi barru dena amaituta egotea espero dutela azaldu du David Cobos Atxondoko alkateak. Orduantxe sinatuko dituzte apartamentuen kontratuak. Bost urterako alokairua sinatuko dute, eta kontratu hori urtero berrikusiko da.
Atxondarrek urtero edukiko dute eskari berriak egiteko aukera, eta zerrenda osotzen joango dela azaldu du David Cobosek. Bost urte barru etxeetan daudenek urteka kontratua berrizteko aukera izango dute. Alkateak azaldu duenez, \"ordurako Atxondon etxebizitza sozial gehiago egotea\" aurreikusten dute, \"herrian dagoen beharrizanari erantzuteko\".
Aterpetxea apartamentuen azpian
Udalaren asmoa apartamentuen azpian 10-12 lagunentzako aterpetxea atontzea da. Horri lotuta Anbotope elkartea dagoen lekuan, Arrazolako eskola zaharrean, taberna eta aterpetxerako jantokia jarri gura ditu udal arduradunek. Proiektu horri ekiteko udalak Anbotope elkarteagaz izan duen
epaiketaren behin betiko sententziari itxaron beharko diote.