Hilaren 17an egingo dute Arrazolako apartamentuen zozketa

Anboto 2011ko urt. 5a, 12:28

Hamasei lagunek eman dute izena apartamentuetarako. Etxeen obrak aurreikusitako erritmoan doaz eta otsaila amaierarako amaituta egotea aurreikusi du Atxondoko Udalak.

Hamasei lagunek eman dute izena zozketarako. Lau apartamentuen zozketa udaletxeko pleno aretoan egingo dute 12:00etan. Zozketarako zerrenda dagoeneko zarratuta dago. Logela bateko bi apartamentuen zozketan bederatzi lagunek eman dute izena. Bi logelako apartamenturako bost lagunek eman dute izena, eta hiru logelakoarentzat berriz, bik. Momentu honetan etxebizitzak atontzeko azken beharrak egiten dabiltza, eta alkateak azaldu duenez, lanok aurreikusitako martxan doaz. Otsaila amaierarako apartamentuak prest egotea espero dute kontratuak sinatu eta giltzak banatzeko. Apartamentuak bost urtetarako emango dira errentan. Epe hori pasatuta, kontratua luzatzeko aukera egongo da.

Etxebizitza sozialak eta Hirigintza Plana

Arrazolakoak Axondoko lehen etxebizitza sozialak dira. Tramitean dagoen Hirgintza Planean beste 56 etxebizitza sozial aurreikusi ditu udalak Apatarako. Markoidako lurretan eraikiko lirateke etxebizitza horiek. Hirigintza Planaren hasierako txostena asteon publikatu da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta bi hiletan jendaurrean izango da erakusgai, alegazioak jasotzeko.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!