Urrian hasiko dituzte anbulategi berria eraikitzeko lanak

Anboto 2010ko abu. 26a, 09:38

Datorren astean modulu batzuk jartzen hasiko dira Atxondoko udaletxe ostean, bertan behin-behineko anbulategia jartzeko.

Datorren astean modulu batzuk jartzen hasiko dira Atxondoko udaletxe ostean, bertan behin-behineko anbulategia jartzeko. Urrian anbulategi berriko lanak hasiko dira, eta bien bitartean Osakidetzak bere zerbitzua behin-behineko anbulategi horretan emango du. David Cobos Atxondoko alkateak asteon azaldu duenez, udaletxe osteko lorategian egongo da aldi baterako anbulategi hori, anbulategi zaharra bota eta berria eraikitzen ibiliko diren lau hilabeteetan. Irailean zehar moduluak atontzea aurreikusi dute, eta Osakidetza urrian hastea bertan zerbitzua ematen. Cobosek azaldu duenez, \"asmoa zerbitzua ez etetea da; ezin dugu anbulategi barik egon\".

Saihesbideko lanak

Abuztuan geldituta egon eta gero, kamioiak Apata erditik ez pasatzeko bideko lanak irailean jarraituko dituzte. Lurrak egonkortzeko gelditu zituzten lanak, eta orain hasiko dira asfaltatzen eta bidea amaitzen. Lanok azarorako amaitzea gura dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!