4x4 Trial Txapelketa antolatu dute uztailaren 10erako

Anboto 2010ko eka. 24a, 14:44

Atxondoko gazte talde batek sortu du txapelketa berezi hau, eta gura duenak parte hartzeko aukera du.

Ekimen berritzailea eratu dute Atxondon uztailaren 10erako: 4x4 Trial Txapelketa. Lehenengo bider egingo da, gainera, eta ikuskizunik ez da faltako. Atxondoko gazte talde batek sortu du txapelketa berezi hau, eta gura duenak parte hartzeko aukera du.

Herriko gazteen egitasmoa

Herriko hiru-lau gaztek trialerako zaletasuna daukate, eta hara eta hona dabiltza azkenaldian 4x4ekin, probetan parte hartzen. Euren gustuko jarduera hau euren herrira ekartzea ere gura izan dute, eta Sanpedro jaien bueltan burutzea erabaki dute. [imgd]http://www.anboto.org/images/7800/7863/1.jpg[/imgd] Markoidako landetan prestatuko dute txapelketarako zirkuitua. Lurra mugituko dute, zuloak-eta sortuz, ibilbidea gorabeheratsua izan dadin. Izan ere, kirol honek horrelako lurra behar du, bere ezaugarriak betetzeko, behintzat.

Euskal Herrikorako puntuagarria

Arratsaldeko 15:30ean hasiko da motor hotsa Atxondon. Antolatzaileek azaldu digutenez, irteeran 15-20 parte-hartzaile izatea itxaroten dute. Seguru espezialista handienak bertaratuko direna; izan ere, Atxondoko proba puntuagarria izango da Euskal Herriko Txapelketarako. Dena dela, izena emateko epea zabalik dago, eta esperientzia gutxiago dutenentzako ere plaza interesgarria izan daiteke Atxondokoa. Triala garatuko den lekuan bertan eman behar da izena, 15:00etan, baina telefonoz izena emateko aukera badago dagoeneko: 679 578 062 eta 690 771 328 zenbakiak ipini dituzte horretarako zein informazioa jasotzeko eskuragarri.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!