Jai giroaz gozatzeko gogotsu Atxondon

Anboto 2010ko eka. 25a, 10:00

Ekitaldiz beteta datorkigu aurten Atxondoko Sanpedro jaien egitaraua.

Ekitaldiz beteta datorkigu aurten Atxondoko Sanpedro jaien egitaraua. Urtero eratzen dituzten ekintzez gainera, nobedade ugari aurreikusi ditu jai batzordeak. Markoidako landetan 4 x 4 Trial Txapelketa, esaterako, lehenengoz antolatuko dute. Gazteei zuzendutako makina bat hitzordu prestatuko dute. Haurrentzako tailerrak, kalejira eta txopo txikia ekainaren 28an, arratsaldeko 17:30ean, antolatuko dute. Umeek arratsaldean ginkanean eta motor elkarretaratzean parte hartzeko aukera izango dute, plazan. Puzgarrien Jokulandia ekainaren 30ean, goizean, prestatuko dute Ziarreta auzoan. Umeentzako tailerrak uztailaren 3an eratuko dituzte, Gaztetxean. Txan Magoa ere hurreratuko da jaietara. Umeendako saioa eskainiko du uztailaren 4an, arratsaldean, Gaztetxean; nagusiendako emanaldia, berriz, gauean. Jateko aukera ugari daude Atxondoko jaietan. Pregoiaren ondoren, sardina-janean bilduko dira bertaratzen direnak. Jubilatuak bazkarian batuko dira. Bakailao eta tortilla txapelketaren ondoren, uztailaren 2an herri-afaria prestatuko dute frontoian. Erromeria egunean, gauerdian, txokolatea. Paella erradoia banatuko dute, uztailaren 2an, koadrilen artean. Briska eta partxis txapelketak uztailaren 1ean Gaztetxean jokatuko dituzte. Igel txapelketa, uztailaren 4an Itziar Tabernan.

Musika

Amama Luisa Brass Band talde durangarrak, txopo igoeraren ondoren, jaiei musika jarriko die. Luhartz taldeak uztailaren 2an erromeria giroa jarriko du. Gaztetxean Kilauea eta Harrikada taldeek zuzeneko kontzertua emango dute. Rantxerak gustuko dituztenek uztailaren 3an Arantza eta Pantxo entzutera joateko aukera dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!