Alkatea pisu tutelatuan zergatik bizi den galdetzen zuen oharrean berretsi da talde jeltzalea.
Talde jeltzaleak jakin gura du \"Atxondoko alkatearen asmoa ote den eztabaida politikoa espainiar epaimahaietara eramatea; hau da, ezker abertzaleak hain gogor kritikatzen dituenak\".
Atxondoko EAJ-PNVren udal taldeak berretsi gura izan du joan zen apirilaren 21 eta 22an Bizkaiko komunikabide guztietara bidali zuen prentsa oharrean esaten zuena. \"ANV taldeko David Cobos alkateak publikoki EAJ-PNV alderdia salatuko duela mehatxatu ondoren, EAJ-PNVk argi eta garbi esan nahi du aurreko prentsa oharra berretsi egiten duela\".
Talde jeltzaleak alkateari eskatu dionez, \"erregimen sasi-demokratikoetako prentsaurrekoetan taldekideen atzean ezkutatu beharrean, alkateak azaldu behar du zergatik bizi ote den gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonentzat izan beharko litzatekeen etxebizitza batean\".