Baserri inguruetan suteentzako ureztodiak jarri dituzte, eskualdean lehenengoz

Anboto 2010ko mar. 11a, 16:15

Sua pizten deneko lehenengo ordu laurdena garrantzitsua izaten da su hori kontrolatzeko. Suhiltzaileak, baina, denbora beharko lukete Arrazola, Axpe eta Apatamonasterioko baserri batzuetara heltzeko. Horregatik, auzokideek eurek erabiltzeko ureztodien kutxak jartzen dabil Atxondoko Udala.

Sua pizten deneko lehenengo ordu laurdena garrantzitsua izaten da su hori kontrolatzeko. Suhiltzaileak, baina, denbora beharko lukete Arrazola, Axpe eta Apatamonasterioko baserri batzuetara heltzeko. Horregatik, auzokideek eurek erabiltzeko ureztodien kutxak jartzen dabil Atxondoko Udala. Dagoeneko hamabost kutxa ipinita daude, eta beste bost ere jarriko ditu Udalak. Kutxetan 25 metroko lau ureztodi daude, eta bata besteari lotzeko dago. Ur-harguneetatik gertu daude kutxak, eta David Cobos alkateak azaldu duenez, \"ahalik eta baserri gehienetara heltzeko moduan\" kokatu dituzte. Duela aste biko haizete egunetan Santiagotik Axperako bidean haizeak poste elektriko bat bota zuen, eta sasi batzuek sua hartu zuten. Alkateak adierazi duenez, \"horrelako ezustekoak ez dira ohikoak izaten, baina behin gertatuta nahikoa izan daiteke ezbeharren bat gertatzeko \". Azkeneko ezbeharra orain dela hamabost urte izan zen, Arrazolan Mendi baserria osorik erre zenean.

Ikastaroa

Kutxa guztiak jartzen dituztenean, udaberrian, baserritarrei ureztodiak erabiltzen ikasteko ikastaroa emango die Udalak. Suaren kontra erraz moldatzeko azalpenak emango dituzte. Atxondon 180 baserri daude; 84 Axpen, 52 Arrazolan eta 44 Apatan. Suen kontrako neurri hori gauzatzeko 32.000 euro gastatu ditu Udalak. Foru Aldundiak 13.000 euroko laguntza eman du.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!