Zuhaitz sortak eskuratzeko aukera, datorren barikura arte

Anboto 2010ko ots. 28a, 11:00

Urkiak, haritzak, pagoak, lizarrak... hainbat arbola mota banatuko ditu laster Atxondoko Udalak herritarren artean.

Urkiak, haritzak, pagoak, lizarrak... hainbat arbola mota banatuko ditu laster Atxondoko Udalak herritarren artean. Zuhaitz Egunaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak ematen ditu arbola horiek, eta aurten hirugarren urtez banatuko ditu zuhaitz sortak Udalak. Sortetan 10-15 zuhaixkaraino egon daitezke. Atxondoarrek martxoaren 5era arte, datorren barikura arte, eskatu ahalko dituzte arbolak Udaletxean. David Cobos alkateak azaldu duenez, orain arte harrera ona izan du ekimen honek, eta aurreko urteetan baino arbola gehiago eskatu ditu Udalak: \"Iaz 250 inguru eskatu genituen, eta aurten 350 eskatu ditugu\". Herritarrei banatzeko eta Udalak berak herrian landatzeko izango dira zuhaitz horiek. Arbola txikiak direla aipatu du Cobosek, eta Udalak haztegi batean izaten dituela batzuk, geroago herrian jartzeko.

Umeentzako ere

Arbola sortak herritarrei banatzeaz gainera, ikastetxera eta ludotekara ere dozena bat zuhaixka eroango dituztela aurreratu du Atxondoko alkateak: \"Azken urteotan Zuhaitz Eguna eskolan ere ospatzen dute, eta egun horretan umeek eurek arbolak landatzeko aukera izango dute\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!