Orain 14 urte alboratu zuten trazatua, Oinarrizko Egitasmo

Anboto 2009ko urr. 23a, 13:51

Urri hasieran jaso dute Udalean AHTaren Oinarrizko Egitasmoa; herrian eragingo lukeen kalteagaitik alboratu izan zen ibilbidea jasotzen du.

Gobernu Taldeak udalbatzarrera eraman zuen, eguaztenean, urri hasieran Udalean jaso duten AHTaren Abadiño-Atxondo tartearen trazatuari buruzko mozioa. Urri hasieran jaso duten Oinarrizko Egitasmoa bertan behera izteko eskatu du Gobernu Taldeak bertan.

Ezker abertzaleko ordezkarien aldeko bozkarekin onartu zuten mozioa, eta kontra bozkatu zuten jeltzaleek, 90 metro altu eta 1.700 luze izango den zubia herritik oso gertu igarotzea suposatzen duen proiektuarekin ados egon ez arren, Buruaga zinegotzi jeltzalearen berbatan, “Gobernu Taldeak idatzitako testuarekin ezin dugu bat egin”. Udalean proposatutako mozioa Eusko Jaurlaritzan jasotzen dutenean, han zer egingo duten galdetu dute: “Zakarretara botako dute”, adierazi zuen Buruagak berak.

Cobos alkateak nabarmendu zuenez, “orain hainbat urte Atxondo, Elorrio eta Abadiñoko udalek, azterketa teknikoetan oinarrituta, herrian kalte txikiagoa eragingo lukeen ibilbidea proposatu zuten, eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak ontzat eman zuen”. Orduan, hasierako proiektuaren eta udalek proposatuaren tarteko ibilbidea –igerilekuaren ostetik doana– onartu zuen ADIF Trenbide azpiegituren administratzaileak; ibilbide horretako lurrak desjabetzetara deituak zeuden atzo goizean lurjabeak.

Urrian Udaletxean jasotako ibilbidean bestelako trazatua agertu denean, –orain 14 urte azterketa teknikoek herritarren bizi kalitatean eragingo luketen kalteagatik alboratutakoa– bigarren proiektuaren desjabetzekin aurrera jarraitzeak “proiektu osoaren zentzugabekeria” adierazten duela uste du Gobernu Taldeak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!