
Prozedimenduan formazko akatsak egon direla arrazoituta, eguaztenean Udalean bertan egindako agerraldian eskatu zuten desjabetze akten sinatzeko prozesua gelditzea Dabid Cobos alkateak, Onintze Oleaga zinegotziak, eta AHT Gelditu elkarteko kideek. Atxondoko Udalaren eskaria aintzat hartu, eta Udalak eta herritarrek egindako 159 alegazioak ere aztertu eta erantzuteko epea hartuko dute beraz, erakundeek.
"Atxondoko Udalak egin duen moduan, trazatuan dauden herri guztietako herritar, talde eta arduradun politikoei deia luzatzen diegu", diote AHT Gelditu Elkarlaneko kideek, "gure lurren aurkako eraso bortitz honen aurrean zorrotzak izan daitezen trena egitera datozenei formazko eta edukinezko betebeharrak goitik behera bete dagiezan eskatzerakoan". Abiadura Handiko Trena-ren proiektua atzera botatzeko urrats bezala azaldu du Elkarlanekoek.