Gobernu taldearen botuekin onartu dituzte 2009rako Atxondoko Udaleko aurrekontuak

Anboto 2009ko urt. 22a, 10:27

Bizi dugun ekonomia krisiaren eraginak Udaleko kutxako sarreren atalean izango dituen ondorioak aintzat hartuta atondu dutela eguazteneko udalbatzarrera eramandako urte honetarako aurrekontu proiektua azaldu du gobernu taldeak.

Bizi dugun ekonomia krisiaren eraginak Udaleko kutxako sarreren atalean izango dituen ondorioak aintzat hartuta atondu dutela eguazteneko udalbatzarrera eramandako urte honetarako aurrekontu proiektua azalduz ekin zion gobernu taldeak bere proposamena aurkezteari. Aipatu dugunez, aurtengo inbertsio eta zerbitzuak betetzeko, iazkoa baino diru-kopuru baxuagoarekin lan egitea aurreikusi dute aurten.

Guztira, 3.000.000 eurora ailegatzen ez den aurrekontua onartu dute, gobernu taldeko bost zinegotzien aldeko botuarekin, eta aurrekontu proposamenaren kontrako botua emon dute aldiz, oposizioan dauden jeltzaileek.

Hiru orduz luzatu den udalbatzarrean, Udaleko alderdi bien aurtengo urterako aurreikuspenen inguruko azalpenak entzun dituzte dozena bat herritarrek. Horrela jakin dute esaterako, joan berri den urtean baino diru gutxiago aurreikusi dula Udalak inbertsioetarako aurten; iazko martxoan onartutakoan, bi milioi eurotik gora aurreikusten ziren inbertsino errealen atalean, eta milio t’erdi dira 2009an garatu asmo dituzten inbertsioak. Urte honetarako dituzten asmoen berri ematerakoan azaldu du gobernu taldeak, batetik, iazko aurrekontuak martxoan aurkeztu bazituzten, aurten lehenago egiten saiatu direla, eta iazkoaren aldean, aurrekontu proposamen honetan kontzeptuak “fintzen” edo gehiago zehazten saiatu direla bestetik: ‘denetariko gastuak’ lako atalak desagertuaraziz.

Bestetik, Udalak urte honetan batuko duen diru kopuruaren aurreikuspena nabarmen txikiagoa egin dute: herrian egingo diren obretatik Udalak jasoko duen diru-kopurua 3 aldiz handiagoa zen iazko aurrekontuetan. Bizkaiko Aldundiak Udal Kutxaren bitartez Atxondoko Udalari helaraziko dion kantitatea, iazkoa baino 100.000 euro baxuagoa izatea espero dutela azaldu du gainera, Dabid Cobos alkateak.

Horrela gura duten herritar guztiek eguaztenean udalbatzarrean onartutako aurrekontuak eskuragarri dituztela gogorarazi du gobernu taldeak. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!