Urte hasierarako martxan

Anboto 2008ko aza. 20a, 09:55

Eusko Jaurlaritzaren ardura den Haurreskolak Partzuergoarekin hitzarmena egiteko bidea zabaldu dute.

Azaroko, aste honetan egindako Udalbatzarrean adostasunez hartu dute, haurtzaindegia zabaltzeko saiakera egitea. Eusko Jaurlaritzaren ardura den Haurreskolak Partzuergoarekin hitzarmena egiteko bidea zabaldu dute, eta haurtzaindegia hartuko duten lokala bilatzea eta beronen mantenimendua dira Udalaren ardurak.

Batzarrean jakitera eman dutenez, urte hasierarako haurtzaindegia martxan egotea da helburua. Haurtzaindegia hartuko duen behin betiko kokalekua oraindik zehazterik ez duten arren, Dabid Cobos alkateak adierazi duenez, leku definitibo eta aproposena topatu arte -eta urtarrilean martxan hasten denetik aurrera- aurrefabrikatutako gela bateko eraikin batek hartuko ditu 0 eta 2 urte arteko atxondarrak.

Orainarte gurasoekin izan dituzten batzarretan, haurtzaindegia zabaldu ahal izateko baldintza minimoa -gutxienez hiru ume izena emoteko prest izatea- betetzen dela hartu dute oinarri: Atxondon sei omen dira zerbitzua erabili behar duten umeak. Orainarte, euren seme-alabak Elorrio, Abadiño edo Durangoko haurreskoletara eraman behar izan dituzte guraso atxondarrek.

Eguazten honetan egindako Udalbatzarreko mahai gainean izan den gaietatik, eztabaida gutxien izan dutena izan da haurreskolarena, eta, Gobernu Taldeko lauek, eta hiru zinegotzi jeltzaleek ere aldeko jarrera adierazi dute: “beti egon gara Atxondon haurreskola zabaltzearen alde”, eta “ez dago ezelako arazorik” adierazo dute jeltzaleek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!