Produkzioa egokitzeko neurriak hartuko ditu Fuchosak

Anboto 2008ko urr. 29a, 13:24

Produkzioa egokitzeko neurriak hartzea erabaki du Atxondoko Fuchosa enpresak (ACE taldean dago), Europako eskaria “arduratzeko moduko neurrian” jaitsi eta gero. Halan jakinarazi du enpresak, agentzien bitartez. Hori dela-eta, enpresa komitearekin batera kontsultarako epea hasi du enpresak, egoera aztertzeko, eta, eskariari egokitzeko, “gehiegizko” produkzio gaitasuna “aldi baterako” jaistea ahalbidetuko duen neurriak hartzeko.

Fuchosak 280 langileko lan-taldea dauka orain, eta iaz 44 milioi euro fakturatu zituen. Irailetik dihardu Fuchosak jarduera murriztuta, eta abendua bitartean bere hiru produkzio lerroetatik bi mantenduko ditu martxan, bere gaitasuna eta stockak erregulatzeko helburuarekin.

2008ko azkenengo hiruhilekoan Europan aurreikusi duten automobil berrien salmenta jaitsieragaz bat etorriko da Fuchosaren jardueraren jaitsiera. Horixe azaldu dute enpresako arduradunek: %30 jaistea aurreikusi dute. Salmenten jaitsiera horrek sektoreko lehen mailako hornitzaileak “gaitasuna murriztera edo hainbat astetan euren lantokietan geldiune garrantzitsuak egitera” eraman ditu, Fuchosako arduradunen berbetan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!