Atxondo Garatzen arduratuko da Ziarreta auzoko lanen gestioaz

Anboto 2008ko urr. 23a, 12:13

Gobernu Taldearen eta Dabid Cobos alkatearen kalitatezko botoarekin onartu dute Ziarreta auzoan egingo dituzten lanak Atxondo Garatzen SL sozietate publikoari agintzen dizkion alkatetza dekretua berrestea.

Gobernu Taldearen eta Dabid Cobos alkatearen kalitatezko botoarekin onartu dute Ziarreta auzoan egingo dituzten lanak Atxondo Garatzen SL sozietate publikoari agintzen dizkion alkatetza dekretua berrestea. Gobernu Taldearen berbetan, Ziarreta auzoan egin gura dituzten lanak aurrera eraman ahal izateko beharrezko erabakia izan zen joan zen asteko udalbatzarrean hartu beharrekoa.

Ziarreta auzoko lanok finantzatzeko Aldundiaren diru-laguntza bi jasotzea itxaroten zutela, baina bakarra emongo dietela azaldu zuen alkateak, eta obren esleipena ere gehiegi atzeratu dela. Aldundiak esleitutako 137.700 euroko diru-laguntzak halan behartzen dituelako, urtea amaitu orduko obra enpresa bati egokitzea beharrezko dela azaldu zuen alkateak, eta lanak Atxondo Garatzen SLri agintzea “tramiteak arindu” eta epeak laburtzeko egingo  dutela.

Gobernuan daroen urte eta erdian lehenengoz baliatuko dabela sozietate publikoa eta bere erabierari buruzko zalantzak dituztela ere onartu dute ezker abertzaleko ordezkariek, eta salbuespenak kenduta, “printzipioz Udalak zuzenean egin beharko lituzketen gestioak direla”. Dadib Cobos alkatearen berbetan jaso dugunez, “Udalak egin beharreko kudeaketa egiteko sortutako enpresa bat egoteak zer zentzu izan dezakeen zalantza” dauka gobernu taldeak. Hala ere, Atxondo Garatzen lako enpresak modu egokian baliatzea posible izan litekeela uste dute.  Aztertu eta eztabaidatu beharra duten gaia da hau, gobernu taldeak dionez. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!