KPI igoera orokorrik bako tasak onartu ditu udalbatzak

Anboto 2008ko urr. 16a, 12:18

Gobernu Taldeak udalbatzarrera ekarritako proposamenak 2009ko tasetan %4,2ko igoera proposatzen zuen arren, azkenean ez dute igoerarik egingo.

Bilkura berezia izan da eguaztenean Udaleko aretokoan egin dutena, eta ez ohiko moduan luzatu da Gobernu Taldearen eta oposizioaren arteko eztabaida. Ezker abertzaleko Cobos alkatearen eta jeltzaleen zerrendaburu Buruagaren arteko eztabaidagaia, datorren urtean Udalak askotariko zerbitzuak eskaintzearren atxondarrei kobratuko dizkiezen tasak izan dira. Gobernu Taldeak, Kontsumorako Prezioen Indizearen pareko igoera orokorra azaltzen zuen taula ekarri du. Igoera orokor horri hainbat salbuespen egitea ere izan da Gobernuaren asmoa: batez ere, herritarrek eskuz ordaintzen dituzten tasen zenbatekoak gestioak errazteko borobiltzea.

Gobernu Taldearen proposamena entzun ondoren, krisi ekonomikoa mahaigaineratu eta datorren urterako tasetan ezelako igoerarik ez egitea defendatu du oposizioko bozeramaleak.

Gaia eztabaidatu zuten Batzordean, “isilik geratu eta inolako proposamen konkreturik egin ez” izana egotzi zion orduan Cobos alkateak oposizioari, eta “ikuspuntu demagogiko eta populista” batekin aritzea ere bai. Ordu erdiz eztabaidan jardun eta gero, eta datorren urteko aurrekontuen onarpena garaiz egitea baldintzatuko duela arrazoituta, 2009ko taseta igoera orokorrik ez ezartzea adostu dute zinegotzi guztiek.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!