Eguenetan barik, eguaztenetan izango dira Udalbatzarrak

Anboto 2008ko urr. 9a, 10:43

Hilero, baina aurrerantzean hileko hirugarren eguaztenean egingo dituzte Osoko Bilkurak Udalean, 19:00etan.

Legegintzaldi berria abiatu zutenean hartutako konpromisoa jarraituz, udalbatzarretarako deialdi zabalak eta hilerokoak egiten  saiatu direla esan digute  Udaleko ordezkariek. Iragan urteko maiatzetik, baina, onartu deigute, zenbaitetan aurrez finkatutako bilkuren datak atzeratu egin behar izan dituzte. Eta hain zuzen ere horixe ekiditeko erabaki dute egutegia berriro finkatzea. Hilero, baina aurrerantzean hileko hirugarren eguaztenean egingo dituzte Osoko Bilkurak Udalean, 19:00etan.

Hileroko udalbatzarrak lez, Udaleko batzordeak ere herritar guztiei irekiak izan daitezen gura du Gobernu Taldeak, eta aukera horixe jasotzen duen arautegi edo ordenantza osatzen dihardue. Azpimarratu dutenez, horrekin batera, “lan pedagogiko bat egiten” saiatzen direla esan du Cobos alkateak, bere berbetan Udaleko gaietan parte hartzera ohituta ez dagoen herria delako Atxondo. Udal bilkurak eta Udaleko batzordeak herritarren parte-hartzera eta bistara zabaltzea da hartu behar dituzten neurrion helburua.

Udaleko batzordeen datak ere zehaztu dituzte, eta hilean behingo hitzorduak finkatu: kultura, hezkuntza, gazteria, kirolak eta aisialdi batzordea hileko hirugarren astelehenean; ongizatea, sozioekonomia eta berdintasuna bigarrenean; hirigintza eta herrilanak laugarren martitzenean; ogasuna, kontuak eta pertsonala lehenengo martitzenean; eta, ingurumena  batzordea lehenengo astelehenean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!