Atxondoko Lamiak-en proposamena

Anboto 2008ko ira. 18a, 10:40

Txandaka, umeentzako eta helduendako aproposak diren filmak eskainiko dituzte Udaletxeko pleno aretoan bertan, 19:00etatik aurrera, hilean behin barikuetan.

Eguraldia txartzen hasten denerako Zineforuma antolatzea bururatu zaie Atxondoko Lamiak emakume elkartekoei. Azaldu digutenez, aurretik ere antolatu izan  dituzte zinema emanaldiak, baina hileroko hitzordu bilakatzea izan da herritarrei egin dieten azkenengo proposamena. 

Txandaka, umeentzako eta helduendako aproposak diren filmak eskainiko dituzte Udaletxeko pleno aretoan bertan, 19:00etatik aurrera, hilean behin barikuetan. Lehenengo hitzordua gaurkoa da, eta hiru hilabeterako egitaraua ere zehaztu dute.

Emakumeek bizi dituzten hainbat egoera islatzen dituzten pelikulak hautatzen saiatu direla azaldu digute, edo gizarte gaiak lantzen dituztenak bestela: horrela, irailaren 19rako, gaur iluntzerako, La vida es bella pelikula aukeratu dute, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte Udaletxeko pleno aretora hurreratu daitezen. Urriaren 17an umeei zuzenduriko La llave mágica, azaroaren 29an Irina Palm eta umeei zuzenduriko film bategaz emongo dute amaitutzat urte honetako Zineforum zikloa.

Herriko jentea elkartu daiten aitzakia moduan proposatu dute filmeak ikusi eta ondoren berauen inguruko komentarioak egiteko batzea orain urtebete sortutako Atxondoko Lamiak elkarteko emakumeek.

Filmak ikusi eta geroko, aurreko emanaldietan bezala, pasta batzuk jan eta kafea hartuz pelikularen inguruko bakoitzaren inpresioak elkarrekin konpartitzea da proposamena. Esandakoa: herritar guztiek daukazue Zineforumerako gonbita. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!