Trokaolatarren kontura

Anboto 2008ko abu. 28a, 12:55

Orain 15 urte baino lehenagotik, urtero-urtero, abuztuko hitzordurako auzokide eta herrikideei zuzenduriko antzezlana egin dute Arrazolako jaietan.



Arrazolako Andra Mari jaietan, azken urteetan ohitura bilakatu da herriko gazteek prestatutako antzerki emankizuna. Orain 15 urte baino lehenagotik, urtero-urtero, abuztuko hitzordurako auzokide eta herrikideei zuzenduriko antzezlana egin dute Arrazolako jaietan. Iragan abuztuaren 14an, frontoian barik elizan egiteko moldatu behar izan zuten baserri batean kokaturiko istorioaren taularatzea, Atxondoko 15 gazte inguru elkarlanean batu dituen antzezlana.

1991. urtean lehenengoz egin zuten eran egin dute Arrazola auzoko aurtengo Andra Mari jaietan ere: hainbat gazte batu, antzezlana prestatu eta bertaratutakoei erakutsi. Euri zaparraden erruz, ohiko den moduan frontoian barik, elizan egin behar izan zuten azkenean emanaldia. Elizako altarea baserri bilakatu zuten eszenografiari esker, eta bertan kokatu zuten Trokaolatarrak antzezlanaren trama nagusia, ikusle eta entzuleak barre egin eta gogoetara bideratu zituena.

Hiru emakumeren istorioa antzeztu dute aurten; gainerako herritarrek bekatari moduan hartzen dituzten hiru emakume langilerena. Baserrian bizi ziren gizonezkoen heriotza misteriotsuaren ondoren, hiru emakumeok gizonezkoen laguntzarik barik baserria aurrera ateratzen dute. Berezi eta ez ohiko den horrexek harritu eta beldurtzen ditu auzotarrak. Baserriko txerriak bizirik eta geroago eta lodiago dauden bitartean, txerribodekin jarraitzen dute hiru emakumeen baserrian.
Jai giroarekin loturiko emanaldia izaten da uztailaren amaieran Arrazolakoa eta, parte-hartzaileek azaltzen dutenez, ez daukate ohitura galtzen uzteko inongo asmorik. Datorren urtean ere, uztail hasieran elkartu, istorioa lortu eta moldatu eta hitzordura faltarik egiten ez duten auzotarren aurrean antzezkizuna egingo dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!