Partaidetza oinarri harturik

Anboto 2008ko abu. 28a, 12:40

Arkitektu, soziologo, biologo eta beste hainbat disziplinetako profesionalek osatutako enpresa arduratuko da herriaren planemaendu orokorraren diseinatzeko prozesuaz.

Datozen urteetarako herriko hirigintzaren plangintza orokorra diseinatuko duen enpresa hautatu du udalbatzarrak. Lehiaketara aurkeztutako lau enpresen artean aukeratua, Atxondoren antzeko ezaugarriak dituzten Nafarroako zenbait herritako planemenduak egin izan dituen enpresa da. Hautatutako taldea, arkitektu, soziologo, biologo eta beste hainbat disziplinetako profesionalek osatzen dute.

Udalean azaldu digutenez, hirigintza plangintza diseinatzerakoan, herritarren partaidetza sustatzeko bitarteko onenak eskaintzen dituen enpresa da aukeratutakoa. Aurkeztutako proiektuan, Axpe eta Arrazola nekazal auzoetan batzarrak eta batzar orokorrak Apatan egitea jasotzen dute esaterako.

Lehenengoko pausua, irailean abiatuko dutena, herrian inkestak egitea izango da. Bide horretatik jasotako informazio tekniko eta soziala oinarri hartuta, 12 hilean amaituta izatea itxaroten dute lan teknikoa, prozesua herritarren parte-hartzearen arabera luzatuko den arren.

Urte askoan herriko hirigintzaren arloa zehaztuko duen plangintza izanik, oso garrantzitsutzat dute Udalean herritarren parte-hartzea sustatzea, eta Cobos alkatearen berbetan jaso dugunez, “samurragoa litzake, orain arte egin izan den moduan, mahai baten bueltan lau lagun batu eta erabakiak hartzea, baina prozesua zelanbait zaildu arren herritarren parte-hartzea bultzatzeko asmoa dugu”.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!