Herrirako sarrera eta irteerak bideratzeko

Anboto 2008ko uzt. 10a, 10:07

Herri sarreran biribilgunea eraikitzeko, lurra botatzen jardun dute langileek egunotan eta irailean itxaroten dute asfaltatze lanei ekitea.

Urteetan herritarren eskaria izandakoa eta proiektu batean jasota ere bazegoen arren garatu barik izan den egitasmoa abiatu dute orain egun batzuk: herriaren sarrerako biribilgunea egitea. Zehazki, lurra botatzen jardun dute langileek egunotan eta irailean itxaroten dute asfaltatze lanei ekitea.



Lanak noiz amaitzea itxaroten daben zehazterik ez dutela esan arren, inportanteenak udazkenean egitea aurreikusten dutela esan digute Udalean.

Urte askoan eskatutako kontua da Apatako sarreran biribilgunea egitea. Izan ere, gaur egun dagoen moduan oso arriskutsu dago, batez ere, herritik ateratzeko bidea; ez da ondo ikusten eta herritik irten edo herrira sartzeko denbora larregi eman behar izaten da bidegurutzean zain. Urte guztiotan istripu larririk izan ez bada ere, bidegurutzearen egoera oso arriskutsua da gaur egun.

Biribilgune barria eraikita, Hirubide eta Itziar tabernen artean izango da Atxondoko sarrera eta irteera errepidea.

Industrigunea egingo duen promotore berak hartuko du lanen kosturik handiena bere gain, Udalean esan digutenez baina, parte baten kargu Udala egingo da. Industrigunea egitearen ordainetan herriarentzako lanen kostuaren zatirik handiena euren gain hartzea eskatu diote industriguneko promotoreari.

Biribilguneak, Apatako sarrera eta irteerak erraztuko ditu eta, bide batez, Dabid Cobos alkateak nabarmendu duenez, Elorriotik Durangora doazen kotxeen abiadura moteldu.

Bide batez
Lanok aurrekontuetan jasotako beste egitasmo bigaz koordinatu gura dituztela azaldu digute gobernu taldekoek. Horrela, biribilguneko lanak aurreratuago daudenean tentsio handiko kableak eta uren hodiak lurperatzeko aprobetxatu gura dute Gobernu Taldekoek. Udazkenean, biribilgunea eraikitzeko lanik garrantzitsuenak egiten dituztenean, beste bi egiteko horiek ere aurrera ateratzea itxaroten dute udal arduradunek.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!