Kultur Etxea hartuko duen eraikina erosi du Udalak

Anboto 2008ko mai. 15a, 10:53

Kultur Etxe berria egiteko Urkuzu erretegia zena atonduko du Udalak. Hain zuzen ere, helburu horrekin erosi dute eraikina.

Orain hilabete gutxi erre egin zen eraikina, “Udala negoziazioetan zegoela jadanik, baina kalteak oso txikiak izan ziren”, dio Dabid Cobos alkateak. Baserriaren egitura ez dagoela kaltetuta ere esan du alkateak, eta bai teilatua  bai hormak egoera oso onean daudela. Ondorioz, eraikinaren egitura nagusia mantendu egin ahal izango dutela adierazi du. Eraikinaren barrualdea, berriz, aldatu egingo dutela esan digu alkateak: “Distribuzioa aldatu edo zatiren bat gehitu”.

Kultur Etxea egokitzeko diru nahikorik ez dela egongo salatu zuen eraikinaren erosketa erabaki zuten udabatzan oposizioak. EAE-ANV udal taldeko alkateak baina, “diru arazorik ez dago, eta behar balitz kreditu bat eskatzeko arazorik ez litzateke egongo”, argitu du alkateak Anboto Irratian egindako adierazpenetan. “Hainbat talde eta partikular bertan zeozer egiteko interesatuta egon direla ikusi dugulako”, azaldu digu alkateak euren asmoen berri lehenago zergaitik ez duten eman galdetuta. Udaletxearen egitasmoentzako arriskutsua izan zitekeela-eta, “gurago izan dugu, benetan salerosketa gauzatu arte asmoaren berri ez ematea”. Horixe salatu du oposizioak: batzarrera arte horren inguruko berririk ez dutela izan.

“Aurten bertan proiektua amaitu eta lehenengo lanak hastea da asmoa”, azaldu du Cobosek. Aurtengo aurrekontuetan ez dutela diru-atalik sartu argitu du, eta datorren urtean itxaroten dutela  lan handienak egitea, eta orduan Kultur Etxea atontzeko atala inportanteagoa izango dela. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!