Oinezko eta umeendako egokituko dute

Anboto 2008ko urt. 31a, 14:54

Ziarreta auzoan, umeentzako parkea dagoen ingurua oinezkoendako egokitzeko lehenengo pausua emon zuten egueneko udalbatzan.

Bidegorria hasten den lekuan, Ziarreta auzoan, umeentzako parkea dagoen ingurua oinezkoendako egokitzeko lehenengo pausua emon zuten egueneko udalbatzan. Auzoa egokitu eta ordenatzeko helburuagaz egingo dituzte lanok, eta berorrek bideratzeko plenoan onartu zutenez, Agenda 21eko planean ekintza hori barnera dute. Horrela, Ziarreta auzoko lanok finantzatu ahal izateko diru-laguntzak jasoko dituzte. Iaz hasi zituzten obra txikien jarraipena egitea dutela helburu azaldu dute Udalean, aspaldiko urteetan narriatutako auzoan. Lanen helburua, oinezkoendako espazioa atondu eta handitzea da, eta horretarako modua espaloiak zabaldu eta ingurua ume eta oinezkoei gehiago egokitzea, orain arte gailendu diren kotxeendako muga gehiago ipintzearekin batera.

70eko hamarkadan eraiki zutenetik, zonalde horretan ez da ezelako berrikuntza edo egokitzapenik egin eta, Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, beharrizan handia dauka gaur egun inguru horrek. Atxondoko Udalaren azken helburua, auzo horretako egokitzapen-lanok herriko Agenda 21eko ekintzen barruan hartzeak adierazten duenez, auzotarren bizi-kalitatea hobetzeko pausuak ematea da. Horretarako, oinezkoendako eta umeendako egokiagoa izango den ingurunea osatu gura dutela diote Udalean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!