Saharara bidean, elkartasun karabana

Anboto 2007ko ots. 12a, 14:38

Datorren larunbatean abiatuko da Euskadiko elkartasun karabana kanpamentuetarantza, Saharako herritarren behar nagusiak asetzen laguntzeko. Durangaldean batutako janaria garriatuko duten kamioiak Atxondotik atera dira.

Datorren larunbatean abiatuko da Euskadiko elkartasun karabana kanpamentuetarantza. Durangaldean ere, herritarrentzako behar nagusiak asetzen laguntzeko.

23,4 tonelada janari batu ditu aurten Durangaldea karabana solidarioak, Saharara eramateko. Saharako herritarren premia larrienak betetzeko ahaleginean; arroza, lentejak, azukrea, atuna, pasta eta konpresak batu dituzte, durangaldeko herritarrek emandakoak. Donostiatik Alacantera eramango dituzte eskualdean bildutako produktu guztiak, Euskadiko beste herrietakoekin batera.

Duela lau urtetik egitasmo honetan parte hartzen dutenez aparte, beste hiru udaletxe berri gehitu zaizkio karabanari aurtengoan. Izurtza, Mañaria eta Garaiko udalek be parte hartu dute Herria elkarteak antolatutako ekimen solidario honetan. Iazko kopurua bikoiztu egin da eskualdean batutako produktuekin aurtengoan. Periko Arevalok azaldu duenez, besteetan baino behar larriagoan daude kanpamentuetan, Nazio Batuen Erakundetik jasotzen den laguntza asko jaitsi delako, eta gainera uholdeak ere izan dituztelako. Haren berbetan, lehenengo urtean baino txarragoa da egoera, eta beharrezkoagoa laguntza.

Dirutan, 42.000 eurokoa izan da eskualdeko udaletxeen laguntza, baina Atxondoko bilkuran, diruz barik, arrozez, azukrez, konpresaz etabarrez betetako kamioi bi ikusi zitezkeen: eskualdean batutako produktuak Saharara eramateko prestatutako kamioi handi bi hain zuzen ere.

Saharako egoera dela eta, arduratuta egin zuen berba Periko Arevalok, eta laguntza gero eta beharrezkoagoa dela esan. Kamioi bitan helduko da eskualdeko herritarren saharauiarrei bidalitako laguntasuna,eta Media Luna Roja-koek banatuko dute kanpamenduetan. Kanpotik bidalitako laguntzari eskerrak bizirauten dute kanpamenduetan, eta urgentziazkoa da euren egoera, Atxondoko agerraldian azaldu zutenez.

Eskualdeko ikastetxe, elkarte eta denden elkartasuna eskertu dute Herria elkartekoek, leku horietako batzuetan ipini zituztelako janaria batzeko lekuak, eta bertan jaso dituztelako 8 tonelada janari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!