Enpresa Batzordetik azaldu dutenez, "akordio batzuetara heldu ginela eta lanuzteak uztea pentsatu genuen aste hasikeran. Baina, gero, adostutako akordio ekonomikoak murrizten hasi dira; langileak ez dagoz ados lan-orduetatik kanporako formazioarekin eta planteatutako malgutasun partzialarekin ere.

Berriro ere langileekin batzartzean grebarekin jarraitzeko jarrera agertu dute". Sindikatuek azaldu dutenez, akordioa lortzeko "borondatea" izan dute, "enpresak ez bezala", eta berriro ere zuzendaritzara ez dutela joko diote. Akordiorik lortu ezean, mobilizazioak indartzea ere ez dute baztertzen. Produkzioko langileen ia %100ak egin da bat grebarekin azaldu dutenez. Guztira 280 langile inguruk dihardute.
Enpresa berria
Agentziek zabaldu dutenez, Fuchosak akordioa itxi du burdin galdaketan diharduen Poloniako Foundry Automotive enpresa bereganatzeko, eta 10 milioi euroko inbertsioa eskatuko dio enpresari; zati bat lantokia modernizatzera bideratuko dute. Horren berri izan dute langileek eta uste dute enpresa gai dela eskaerak betetzeko.
Fuchosak martxoan hartuko ei du Daewoo-ren industrigunean (Polonia) kokatutako enpresa —200 langiletik gorakoa— ; urtebetean ekoizpena 10.000 tonatik 24.000ra igotzea dago aurreikusita. Otsailean EBCC enpresarekin (Polonia) fusionatu zen Fuchosa, ACE Taldea osatzeko; Innova Capital arrisku-kapitaleko elkartea da bazkide nagusia eta gestioa Fuschosako zuzendaritzari dagokio; akzioak ere mantentzen ditu.