
Kadeteetan Merino faborito zen. Finalera arteko errioxarraren bidea ezagutzen zutenek bazekiten Perezek lan zaila zuela. Perez bera ere Merinoren golpearen jakitun zen eta ahal zuenean zirt edo zart tantoa amaitzen saiatu zen. Partida hasieran estrategia horrek bere fruituak eman zizkion eta 4 eta 7 aurreratu zen. Baina errioxarra pilota benetan astintzen hasi zenean lehia berdindu ez ezik erabat hautsi zuen. Azkenean 18-10 Merinoren alde.
Bigarren partidan iragarpenak irekiago zeuden. Bazirudien lehia gogor eta ikusgarri baten atarian geundela. Usteak erdia ustel. Urrutikoetxea gehiago da kolpez eta partida hasieratik bertatik erakutsi zuen hori. Ricok pilota azkenengo arlauzan jarrita eutsi nahi zion, baina, ezker horman ez bazen aurrekoan, hiru-lau bider goregi aldegin zion. Bata konfiantza hartzen zihoan heinean, bestea gero eta urduriago zegoen. Urrutikoetxeari dejadak txaparen gain-gainean eta bi hormakoak zehatz irteten zitzaizkion eta Ricok, berriz, bazirudien txapa ere bere aurka zuela. Azkenean, historia laburreko partidan, bizkaitarrak 22 eta 7 irabazi zion errioxarrari.