2020an udal idazkaria bere kargutik kaleratu zuen orduan alkate zen Iñaki Totorikaguenak, eta erabaki horregatik zigorra ezarri dio Iurretako Udalari Espainiako Auzitegi Gorenak; "botere desbideraketa" egon zela ebatzi du. EH Bilduk azaldu duenez, idazkariari 200.000 eurotik gorako indemnizazioa ematera zigortu du udala auzitegiak, "atzeratutako soldaten eraginez". Horren aurrean, koalizio subiranistak azaldu du "egoera kezkagarria" sortuko dela udalean, eta helarazi du "arazoaren ardura" hartuko duela, "herri osoari eragiten diolako".
EH Bilduk ohar batean adierazi duenez, "sententzia horrek gure udalaren jarduna bete-betean baldintzatuko du. Zigor ekonomikoaren ondorioz, gaitasun ekonomikoa nabarmen murriztuko da; udal aurrekontu osoaren %5 galtzea ekarriko du, eta herrirako beharrezkoak ditugun egitasmo batzuk zalantzan geratuko dira". Gaineratu dutenez, "2020an udal gobernuak eginiko gestio desegoki baten erruz, iurretar guztiok sufrituko ditugu sententziaren kalteak; akatsa alkateak egin zuen, baina guztion diru publikoarekin ordainduko da zigorra. Ez da bidezkoa, argi eta garbi". EH Bilduren iritziz, EAJk egoeraren ardura hartu beharko luke, "eta kudeaketa txarra egin izana aitortu, Totorikaguena dagoeneko agintean egon ez arren".
EH Bilduk "erantzukizunez" jokatuko duela nabarmendu du. "Gogor lan egingo dugu sententziaren eraginak herrian ahalik eta txikienak izateko asmoz". Gaineratu dutenez, "herritarrei jakinarazi gura diegu egoeraren ardura hartuko dugula, gurea egiten dugula sententziak dakarren arazoa. Denon artean egin beharko dugu arraun, egoera zail honetatik ahalik eta ondoen irtetzeko". Era berean, udal gobernuari elkarlanerako eskua luzatu diote.
Prozesu judizial luzea
Prozesu judizial luze baten ostean dator ebazpena. Martxoan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren foru dekretuaren kontra Iurretako Udaleko idazkari ohiak aurkeztutako errekurtsoa onartu zuen EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salak. Hartara, inpugnatu egin zuen Iurretako udal idazkariaren funtzioak Zornotzako udal idazkariarenarekin pilatzea baimentzen zuen foru dekretua; lanean zegoen udal-idazkariaren kargu-uztea ere baimentzen zuen dekretuak. Era berean, ebatzi zuen idazkaria izan zenak eskubidea zuela berriz bere lanpostura bueltatzeko. Kargua uztera behartutako udal idazkariak 2020ko azaroan aurkeztu zuen errekurtsoa.
Erabaki horren aurka errekurtsoa aurkeztu zuen Iurretako Udalak. Errekurtso horren ebazpena da orain kaleratu dena.