Gure Esku Dago Giza Katea

'Gure Esku Dago' martxan dago Durangon eta Elorrion

Anboto 2014ko api. 24a, 11:03
Abadiñoko Gure Esku Dago ekimena aurkeztu zuteneko argazkia.
Elorrion martitzenean aurkeztuko dute Gure Esku Dago Arriolan; Durangon eguaztenean izango aurkezpena, Plateruenean.

Durango eta Iruñea giza kate bategaz lotzea. Hori da Gure Esku Dago ekimenak erabakitzeko eskubidearen alde botatako erronka. Ekainaren 8an egingo dute mobilizazio berezia, eta herririk herri sendotzen dabil katea osatzeko dinamika. Berriz, Abadiño, Zornotza, Otxandio, Iurreta... Oraingoan, Durangon eta Elorrion ipini dira martxan. Martitzenean, hilaren 29an, izango da Elorrioko aurkezpena Arriolan, 19:00etan. Durangokoa ordu berean baina hurrengo egunean, 30ean, Plateruena Kafe Antzokian. Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohiak eta Zelai Nikolas EHUko irakasleak hartuko dute berba ekitaldi bietan.


50.000 lagunen beharra
Azaroan eman zuten giza katearen berri, eta geroztik beharrean dihardute erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendukoek. Izan ere, erronka betetzeko partaidetza handia behar dute. Aurreikuspenen arabera, 50.000 lagun beharko dira gutxienez Durango eta Iruñea arteko 123 kilometroak eskurik esku lotzeko. Horregatik, informazioa emateaz gainera, giza katean izena emateko aukera ere eskaini dute Internetez zein kalean. Durangon eta Elorrion ere gauza bera egingo dute hemendik aurrera.


Dinamikaren sustatzaileek uste dute erabakitzeko eskubidea dela Euskal Herriko gatazka politikoaren iturburua, eta bere aldeko defentsa jarduera demokratikoa dela. Horretarako, herritarrak aktibatu gura dituzte.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!