Martxoak 8

[ARGAZKI GALERIA] Aldarrikapen moreak Durangoko kaleak hartu ditu Lila Krosean

Anboto 2024ko mar. 10a, 13:38

Ekimenagaz batutako dirua Sapuherri boleibol taldera bideratuko dute. Tabirakoren emakumeen taldea omendu dute 50. urteurrenean.

Martxoaren 8ko egitarauaren barruan, Lila Krosa egin dute gaur Durangon. Kamiseta morea jantzi eta jende askok parte hartu du Ezkurdin hasi eta Andra Mariako elizpean amaitu zen proban. 

Ekimenagaz batutako dirua Sapuherri boleibol taldera bideratuko dute aurten. Taldeko Irene Antxiak eta Ziortza Gorrotxategik hartu dute mikrofonoa. "Neska gazte batzuk izanda gustuko dugun kirola egiteko borrokatu dugu. Jende askok ez zuen gugan konfiantzarik. Hala ere, borrokan jarraitu dugu eta orain hemen gaude, ilusioz beterik Durangoko 2024ko Lila Krosean emakumeen alde egiteko; emakumeok ere geure buruari proposatutako guztia lortzeko gai garela erakutsiz. Gora Sapuherri boleibol taldea eta gora borroka feminista!", adierazi dute.

Jarraian, Tabirako saskibaloi taldea omendu dute, emakumeen taldea sortu zeneko 50. urteurrena delako. Maribi Echaburuk eta Gorane Urainek hartu dute hitza, lehenengo talde hartako eta gaur eguneko jokalariak, hurrenez hurren. "Gure taldeak Tabirakon historia egiteko aukera izan genuen eta 50. urteko ibilbidean lortu diren emaitzak ikusteak pozez betetzen gaitu", esan du Echaburuk.

Azkenik, probari hasiera eman aurretik, eskerrak eman dizkiete Lika Krosean bidelagun dituzten 32 elkarteei eta dena behar bezala irten dadin lanean aritzen diren bolondresei. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!