DRTren asteburuko porrotek ez dute ilusiorik zapuztu

Anboto 2015ko urr. 5a, 17:03
Durango Nissan Gaursa talde denen familia argazkia Goienkalen, DRTren taberna ondoan.

Durango Nissan Gaursaren talde nagusi biek galdu egin dute lehen jardunaldian. Gizonek azken unera arte irabazteko aukerak izan dituzte Bera Beraren aurka (24-25). Emakumeen eginahalak ez dira nahikoa izan Getxo ahaltsuaren aurka: 12-32.

Talde biek aurpegia eman zuten uneoro eta horrek etorkizunari itxaropenez begiratzeko arrazoiak uzten ditu. Gizonek puntu bakarragatik galdu zuten. Azken minutuetan zazpi puntu lortu eta garaipena hatz puntekin ukitu arren, ez zen nahikoa izan. Emakumeek, aldiz, ezin izan zuten ezer egin azken urteetako talderik onena den Getxoren kontra. Hala ere, oraindik egiten ari den taldea dela kontuan hartuta, itxura oso duina eskaini zuten.

Taldeen aurkezpena

Joan zen bariku arratsaldean DRTk aurtengo taldeen aurkezpen ofiziala egin zuen Durangon. Felix Arkarazo aktoreak egin zituen aurkezle lanak eta, banan banan, talde denak Goienkalen —DRTren taberna ondoan— jasotako oholtzara igo ziren argazkiak ateratzeko.

14 urtez azpiko taldeetan 70 jokalari dabiltzala azaldu zuen Arkarazok eta errugbiak dituen balore pedagogikoak azpimarratu zituen. 16 urtetik beherakoen taldea aurkeztu zuen lehenengo. Aurten Elorriok eta Durangok indarrak batu dituzte maila horretan.

Ondoren emakumeen talde nagusiaren txanda izan zen. Durango, Mungia eta Plentziako jokalariek osatzen dute. Aurreko urteetako esperientzia positiboa iruditu zaie eta aurten ere elkarregaz jardutea erabaki dute. Hainbat jokalari berri dituzte eta horietako batzuk gazteak dira. Beraz, aurtengo helburu nagusia etorkizunerako oinarriak sendotzea izango da, taldeko arduradunek azaldu zutenez.

Gizonen 18 urtetik beherako taldearen arduraduna Aratz Gallastegi izango da. Gainera, Gallastegi klubeko zuzendari teknikoa bada. DRTk lehenengoz izango du zuzendari teknikoaren figura.

Gizonen talde nagusia izan zen oholtzara igo zen azken taldea. Aurten, Oskar Astarloa izango dute entrenatzaile eta iazko denboraldi gogoangarria errepikatzen saiatuko dira.  

Gizonen talde nagusia:

 

Emakumeen talde nagusia:

 

 

Gazteen taldea:

 

 

16 urtetik beherakoak:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!