Oskar Astarloa, DRTko entrenatzaile berria: "Jokalariek beste pauso bat eman nahi dute aurrera; motibatuta daude"

Anboto 2015ko abu. 28a, 10:40

Lan arrazoiengatik, Ines Etxegibel Kataluniara itzuli da, eta bere tokia Oskar Astarloak beteko du DRTko gizonen lehen taldean. Iaz, Ohorezko Mailako Gernikan ibili zen. Durangon jokalariak oso motibatuta aurkitu dituela dio. Iazko denboraldi arrakastatsuak konfiantzaz eta anbizioz bete ditu, eta igoera kimera bat baino gehiago izan daitekeela uste dute. Astarloa ere baikor dago, baina pausoz pauso joango direla adierazi du.


Noiz eta zelan elkartu dira zure eta DRTren bideak?
Iazko denboraldia amaitu aurretik zuzendaritzagaz Gernikan beste urtebetez entrenatzen jarraitzeko berba eginda neukan. Handik hiru hilabetera, entrenatzailea Bruno Mercante izango zela esan, eta jokalari lez jarraitzea proposatu zidaten. Gauza bategatik edo beste bategatik, ez ginen konpondu. Santanderren eta beste talde batzuetan jokatzeko proposamenak ere jaso nituen. Azkenean, Ines [Etxegibel] DRT-tik joan zenean bere tokia eskaini zidaten, eta onartzea erabaki nuen.

Entrenatzaile ez ezik, jokalari ere ibiliko zara.
Neuk proposatu nien, eta baietz esan zidaten. Gainera, aurten, nik jokatu ohi dudan postuan baja batzuk egongo dira, eta taldea barrutik gidatuko duen esperientziadun jokalari bat izatea ondo etorriko dela iruditzen zait.

Zaila da bi alderdiak batera eramatea?
Nik uste dut kapaz naizela hori egiteko. Iaz, Gernika taldean berdin ibili nintzen nire bigarrenaren laguntzari esker, eta aurten ere izango dut laguntza hemen, beraz, horrek ez nau kezkatzen.

Ines Etxegibelek listoia oso altu utzi du. Sentitzen duzu haren lana berdintzeko presiorik?
Urte txar batzuen ostean, Inesen laguntzagaz txip aldaketa gertatu zen jokalarien artean, eta gora egin zuten. Jendea gustura egon zen, eta gogor lan egin zuten. Gogor lan egin zutelako ibili ziren hain ondo. Nire asmoa bide beretik jarraitzea da: giro onari eutsi, eta, lana gogor eginda, iaz lortutakoari jarraipena ematea.

Ines ezagutzen duzu? Eta berba egin duzu beragaz taldearen inguruan?
Bera Durangon eta ni Elorrion genbiltzan sasoian ezagutu nuen. Orain sare sozialetan jarraitzen dut. Ez, ez dugu taldeari buruzko solasaldirik izan. Jendea oso gustura egon da Inesegaz, eta pena handiagaz hartu dute joan izana. Orain bere eta nire arteko konparazioak helduko dira, baina, beno, azkenean bakoitzak bere ideiak ditu, eta aurretik egindakoari gehitzeko baldin badira, taldearentzat onuragarria izango dela uste dut.

Eta errugbia ikusteko Inesen eta zure moduak antzekoak dira?
Iaz ez nuen denborarik izan Durangoko partiduak eta entrenamenduak ikusteko, eta ezin dut erantzun. Berak maila garrantzitsuetan jokatu du, eta jokalari lez eredugarria izan da, indartsua eta beti aurpegia ematen duen horietakoa. Jokalari lez antzekotasunak baditugula uste dut. Entrenatzaile lanetan ikusi egin behar.

Entrenatzaile beharrean, zelan definituko zenuke zeure burua?
Nire helburua taldean giro onari eustea da. Aldagela batera ezin zara etorri pistola eskuan duzula eta “gauzak honela egin behar dira eta kitto!” esanez. Ideiak arrazoitu egin behar dira, eta jokalariak konbetzitu. Horretan saiatuko naiz. Gero, nire esperientzia baliagarri izan dadin saiatuko naiz.

Iazko taldeagaz alderatuz gero, aldaketa asko daude aurten?
Iaz itzuli ostean, Paulek taldea utziko du, eta beste jokalari bat sei hilabete ingururako baja izango dugu belauneko lesio bategatik. Baina behetik jokalari gazteak datoz, eta, nire esperientzia gehituz gero, taldea ondo egongo dela uste dut.

DRTk, batez ere, harrobiagaz lan egiten du.
Bai, eta gustatzen zait eredu hori. Orain urte asko, Ordizian nenbilela, fitxaketa asko egin gura zituzten, eta nire asmoa Goierriko talde euskaldun bati eustea zen. Bi-hiru fitxaketa bai, baina masifikazioa gehiegizkoa iruditu zitzaidan, eta ez zen nire filosofian sartzen. Orain, Durangon, ikusten badut gazteak gogotsu entrenatzen dabiltzala eta goian egotea merezi dutela, egongo dira. Pena bakarra dut. DRTk eta Elorriok ez dutela oraindik talde nagusien gaineko akordiorik lotu, Elorrio DRTren filial antzeko bat izan dadin. Polita litzateke Elorrioko hiru-lau jokalari ekartzea edo hemendik hara joatea egoki ikusten denetan, talde bien artean egon den lehia alde batera utzi, eta bien arteko elkarrekintza sortzea Durangalde mailako talde potente bat sortzeko. Datozen urteetan hori lortzea polita litzateke. Azken batean, gazte mailan Elorrio eta Durango elkarrekin dabiltza, eta jokalariak pozik dabiltza.  

Zer helburu izango ditu taldeak?
Lehenengo helburua mailari eustea da, eta, ondoren, zenbat eta gorago geratu, hobeto. Ikusi dezagun Gabonak bitartean noraino heltzen garen, eta ondoren finkatuko ditugu helburu zehatzagoak. Joan zen  barikuan hasi zen denboraldi-aurrea. Harrezkero bi-hiru entrenamendu egin ditugu, eta jokalariak gogotsu eta motibatuta aurkitu ditut. Jokalariek beste pauso bat eman nahi dute aurrera; gutxienez iazkoa berdindu gura dute, eta igotzeko borrokan sartu. Durango Rugby Taldeak 30 urte egingo ditu 2016an, eta data berezi horretarako Ohorezko Mailara igo nahi dute jokalariek. Nik ere gauza bera nahi dut. Iaz arte egon naizen Ohorezko Mailara itzuli nahi dut. Badakit zuzendaritza ere gogor dabilela lanean. Baina joan gaitezen pausoz pauso.

Denboraldi-aurrea zelan egituratu duzue?
Liga irailaren 20an hasiko da. Lagunarteko bi lotuta zeuden ni etorri nintzenean. Zapatu honetan, 17:30ean, Ohorezko Mailako Santanderren kontra jokatuko dugu, Arripausuetan. Eibarren kontra ere jokatuko dugu, Mutrikun. Ondoren, irailaren 12an edo 13an Gaztedi taldearen kontra lehiatuko gara, Gasteizen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!