Durango Rugby Taldeak fedean oinarritutako garaipena lortu du

Anboto 2015ko mai. 4a, 09:57

DRTk merezita menderatu zuen atzo Caja Sol Sevilla, igoera faseko azken aurreko partiduan. Garaipenaren entsegua azken erasoaldian lortu zuen: 10:5. Irabazita ere DRTk ez du igotzeko aukerarik, baina berdin ospatu zuten garaipena.

Atzo ere harmailak zuri-urdin kolorez jantzi ziren DRTk igoera fasean etxean jokatutako zuen azken neurketa bertatik bertara jarraitzeko. Sevillak nahitaez garaipena behar zuen San Cugaten arrastoari jarraitzeko, baina atzo beharrizanak baino pisu handiagoa izan zuen fedeak. Durangoko taldeak garaipena eskaini gura zien zaleei, sinestuta zeuden lortu zitekeena eta nortasun horrek lehen minututik azkenengora arte iraun zien.

Pablo Berasaluze pilotari berriztarrak ohorezko sakea egin zuen partidua hasi aurretik.Binakako txapelketan egindako lana eskertzeko modua izan zen. Partiduko 12. minutuan gertu izan zuten entsegua, baina marratik metro batera geratu zen ahalegina. Handik gutxira, 20. minutan, Sevillako taldeak aurrea hartu zuen markagailuan; ez zuten gauzapena lortu: 0-5. DRTk ez zitun besoak jaitsi eta bere lanean jarraitu zuten, ordura artekoa adoreagaz. Horrela, orduerdia bete orduko markagailuan berdinketa ezarriko zuen entsegua lortu zuten; kasu honetan ere ez zuten gauzapena lortu: 5-5.

Bigarren zatian zelai erdiko jokoa izan zen nagusi. Borroka handia bai, baina entseguetarako aukera gutxi. Partidua berdinketagaz amaituko zela zirudien, baina DRTren azken erasoaldian, arauzko 40 minutuak gaindituta zeudela, garaipenaren entsegua lortu zuten. Baloia Sevillaren entsegu marratik gertu zuten eta taldeko osaketa erabiliz, zentimetrorik zentimetro entsegu marrara hurreratzen joan ziren; zaleek ere bultza eta bultza egiten zuten harmailetatik. Fedearen entsegua izan zen. DRT Andaluziako taldea baino gehiago izan zen partiduko zatirik handienean eta merezitako saria izan zen.

Ez zegoen beste ezertarako astirik. DRTren igoera faseko lehenengo garaipenarekin amaitu zen partidua. Ez zuten igotzeko bat ere aukerarik, baina berdin ospatu zuten. Ines Etxegibel entrenatzaileak taldearen “etengabeko lana” azpimarratu zuen eta zaleen animoak eskertu zituen.

Partidu amaieran, taldea zelai erdian batuta zegoela, Ines Etxegibelek eta Zorion Zabalak taldeko diskurtso labur bana eskaini zuten. Aurten egindako lana hurrengo urteetarako “oinarria” izan dadin desiatu zuen Zabalak: “Sinesten badugu aurtengoa txiki geratuko da”.

Hamabost egun barru Kataluniako San Cugat taldearen etxean amaituko dute igoera fasea eta aurtengo denboraldi gogoangarria.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!