Igoera fasea jokatuko du asteburuan Tabirako-Baquek

Anboto 2014ko mai. 16a, 09:30
Tabirako Baque
Liga irabazi berri duten Tabirako Baqueko neskek asteburu honetan mailaz igotzeko aukera izango dute.

 

Durangoko neskek aukera paregabea izango dute Liga Femenina 2-ra igotzeko.  Liga irabazi ostean, Igoera fasea gaur hasi eta domekara arte luzatuko da Salamancan. 

Jesus de Vicente, Iñaki Sevilla eta Enric Amellerrek zuzendutako neskek, lehenengo partidua gaur, ostirala, 20:00tan izango dute, Salamankako Unibertsitatekoen aurka. Salamanka igoera lortzeko faborito nagusia da; etxean jokatzen du eta laugarren bider segidan jokatuko du igoera fasea. Larunbatean berriz, 18:00tan Donosti Basket Bera Beraren aurka ariko da Tabirako Baque eta igandean, 10:00etan, Lourenza de Lugoren kontra jokatuko dute. Igoera-fase hauetako partiduen ondoren, talde bakarrak lortuko du aurrera egitea. Denboraldi bikaina osatu ondoren, ilusio handiz, baina presio barik joan da Durangoko taldea Salamankara.

Gizonak eta juniorrak ere goi mailan

Bitartean Tabirako Baque gizonen talde nagusia EBA mailarako igoera fasea jokatzeko sailkatu da joan zen asteburuan Padurari irabazita. Tabirakoko juniorrek, aldiz, Bizkaiko finala jokatuko dute asteburuan Zornotzako Larrean. Lauko final horretako beste protagonistak Unamuno, Leioa eta Loiola Indautxu izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!