Nazional Mailako liga irabazi dute Tabirako Baqueko emakumeek

Anboto 2014ko api. 22a, 15:41
Tabirako Baque emakumeen talde nagusiko aurtengo argazki ofiziala
Liga amaitzeko jardunaldi baten faltan, ligako txapeldun geratu da emakumeen talde nagusia. Maiatzaren 16tik 18ra igoera fasea jokatuko dute. “Lorpen zoragarria da”, adierazi du Itsaso Gartzia klubeko presidenteak eta, oro har, klubeko beste hainbat talderen emaitzak azpimarratu ditu.

Tabirako Baque emakumeen talde nagusiak Nazional Mailako txapeldun dela  jokatuko du ligako azken jardunaldia, asteburuan, Burlatan. Azken jardunaldiaren atarian, lider dago eta garaipen biko aldea ateratzen dio Leioari. Beraz, bat ere presiorik gabe, gozatzeko partidua izango dute.

“Ez genuen espero eta lorpen zoragarria da”, adierazi du Itsaso Gartzia klubeko presidenteak eta jokalarien zein entrenatzailearen “inplikazioa” azpimarratu du. Orain arte jokatutako 25 partiduetatik 21 irabazi eta lau bakarrik galdu ditu; tartean azpimarratzeko moduko garaipen bolada bi izan ditu: bolada bakoitzean bederatzi partidu irabazi dituzte bata bestearen atzetik. Mailako talderik saskiratzaileena ere izan dira 1.578 puntugaz; sailkapen horretan bigarren tokian dagoen Donostia Bera Berak baino 48 puntu gehiago.

Maiatzaren 16tik 18ra Estatu mailako Emakumeen 2. Ligarako igoera fasea jokatuko dute. Espainiako Saskibaloi Federazioak oraindik ez du jakinarazi igoera fasea non jokatuko den: “Guk igoera fasea sari moduan hartzen dugu eta taldeari esan diogu presio barik joateko eta gozatzeko”. Taldeak mailaz igotzea lortuko balu, klubeko zuzendaritzak igoera hori baliatu edo ez erabaki beharko luke. Erabaki horri hartzeko faktore nagusi bi aztertuko dituzte. Batetik, alderdi ekonomikoa, partiduak estatu osoan zehar jokatu beharko liratekeelako, horrek aurrekontuan eragingo lukeen gainkarga ekonomikoarekin; bestetik, hain talde gazteari hain maila indartsura igotzea komeni ote zaion pentsatu behar dute,berez saria beharko lukeena zelanbaiteko penitentzia bihurtzeko arriskua dagoelako.

Klub osoaren lorpenak

Emakumeen lorpena goraipatzeaz batera, aurtengoa “klub osoaren denboraldi zoragarria” izan dela azpimarratu du Gartziak. Junior mailako neskek eta kadete mailako neskek zein mutilek Euskal Ligako A1 mailari eustea lortu dute: “Hori lorpen handia da”. Junior mailako mutilak, aldiz, Bizkaia mailatik Euskal Ligara igo dira. Azkenik, gizonen talde nagusiak, igoera faserako play off-ak jokatzeko aukera handiak ditu lau jardunaldiren faltan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!