40 familia gehiago daude pobrezia energetikoaren itzalean

Anboto 2016ko abe. 21a, 13:50

2015eko urritik 2016ko martxora bitartean, Durango eta Iurretako 71 familiak jaso zuten pobrezia energetikoari aurre egiteko laguntza. Aurreko urtean 31 familia zeuden egoera horretan; beraz, 40 familia gehiago daude pobrezia energetikoaren itzalean. Gainera, 30 bat etxetan umeak bizi dira, JAEDeko Covadonga Novalek emandako datuen arabera.

JAEDek Durangoko Udalaren eta La Caixaren laguntzaz gestionatzen du pobrezia energetikoari aurre egiteko programa. Banketxeak 6.000 euro ipintzen ditu, eta udalak 24.500. Izan ere, beharrizana ikusita, instituzioak 67.000 eurotik 91.000ra handitu zuen JAEDeri ematen dion diru-laguntza. Diru guzti horregaz, probrezia egoeran dauden hainbat familiari jatekoa eta dirua errazten die elkarteak.

Enpresekin tratua
Pilar Ríos alkateordearen esanetan, aurten “pauso bat aurrera” egin gura dute ekimenagaz. Elektrizitate enpresekin akordiora heldu gura dute, argia mozteko erabakia hartzen dutenean udalari abisua emateko. “Egoeraz informatzeko eskatuko diegu, guk esku hartu ahal izateko”. Beraz, faktura ordaindu ezin dabilenari unean bertan laguntzea da euren helburua.

Ríosen iritziz, “onartezina” da familia batzuk neguan argindar barik egotea, eta hotza gaixotasun askoren oinarrian dagoela ohartarazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!