Argindarra ordaindu ezin duten 71 familia lagundu ditu JAEDek

Markel Onaindia 2016ko aza. 17a, 15:59

Gabon bueltako giro solidario eta baikorraren hasieraren seinale izan ohi da JAEDen tonbola zabaltzea. Bihartik aurrera, gehien behar dutenei laguntzeko zozketa martxan egongo da Andra Marian, urtarrilaren 8ra arte. Hala ere, prentsari emandako datuek ilusioaren gerizpean dagoen errealitate gordina islatzen dute.

Aurten 331 familiari eman die jaten JAEDek, euren baliabideekin ezin dutelako elikagai nahikorik erosi. Gainera, argindarra eta gasa ordaindu ezin duten 71 familiak jaso dute pobrezia energetikoari aurre egiteko laguntza ekonomikoa; guztira, 16.000 euro. Bestelako diru-laguntzak kontatuta, 130.000 euro eman ditu.

Bestalde, larrialdi egoeran daudenentzat salbazio bihurtzen da JAED. Etorkinen kasuan, adibidez, udaleko larrialdiko diru-laguntza jasotzeko sei hilez erroldatuta egon behar dute, baina batzuek ezin dute horrenbeste itxaron.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!