Durangoko Larrialdiak

PSE-EEk anbulantzia medikalizatua eskatu du Durangalderako

Anboto 2013ko mai. 24a, 14:37
Anbulantzia berria Iurretako suhiltzaileen parkean egotea eskatu dute PSE-EEko hainbat kargudunek. Euren eskaerekin mozioak aurkeztuko dituzte udaletan; Durangon datorren martitzenean landuko da. Alderdi sozialistako kideek esan dute Landakoko larrialdietako beharginekin berba egin dutela

Anbulantzia berria Iurretako suhiltzaileen parkean egotea eskatu dute PSE-EEko hainbat kargudunek. Euren eskaerekin mozioak aurkeztuko dituzte udaletan; Durangon datorren martitzenean landuko da. Alderdi sozialistako kideek esan dute Landakoko larrialdietako beharginekin berba egin dutela.

 

Landakoko larrialdietako beharginek protesta egin zuten apirilean, esanez bertan lan karga handitu dela baina euren taldea ez dela sendotu. Gainera, anbulantzia medikalizatua Gernikatik etortzen dela ohartarazi zuten; 40 minutu behar izaten ditu Durangora heltzeko, ostean gaixoa hartu eta Galdakaora eroateko. Instalazioak ere txiki geratu direla kritikatu zuten beharginek. Horiek eta beste hainbat eskaeragaz, sinadura bilketa hasi zuten Landakon. Gaiaren harira, bere iritzia eman gura izan du Durangaldeko PSE-EEk. Hainbat kargudunek eman dute prentsaurrekoa: Pilar Rios durangarra, Marian Muñoz iurretarra, Javier Tera zaldibartarra eta Fran Pino berriztarrak. Euregaz Mari Carmen Muñoz PSE-EEko egiturako ordezkaria ere egon da. Adierazi dute beharginekin sarritan egon direla, eta horren ondorioz hartu dutela mozioak aurkezteko erabakia. Mozioak ere kontrastatu dituzte euregaz; antza denez, ondo ikusi dituzte sozialisten eskaerak.

 

Pilar Riosek irakurri du oharra, eta batez ere anbulantzia medikalizatuaren beharraz berba egin du. Durangalderako beste bat behar dela aldarrikatu du, eta esan du Iurretako suhiltzaileen parkean ipintzea gura dutela. "Ondo kokatuta dagoelako eta pertsonala hartzeko leku egokia delako".

 

Bestalde, beharginen beste eskaera nagusi bat exijitu du PSE-EEk: erizain bat gehiago ipintzea Landakon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!