Durangoko Larrialdiak

Larrialdietako beharginen kezka eta protestak

Anboto 2013ko api. 12a, 12:35
Lanez gainezka dabiltzala eta baldintzak ez direla egokiak esan dute; sinadurak batzen hasi dira

Lanez gainezka dabiltzala eta baldintzak ez direla egokiak esan dute; sinadurak batzen hasi dira.

 

Haserre eta kezkatuta. Horrela dabiltza Landakoko larrialdi zerbitzuetako beharginak. Azken urteetan lan karga handitu egin zaie, baina lan taldeagaz ez da gauza bera gertatu. Ondorioz, lanez gainezka dabiltzala esan dute. Horregatik eta beste hainbat arrazoirengatik, euren lan baldintzak ez direla egokiak diote: “Guk ez dugu kaxekin lan egiten, pertsonekin baizik”. Osakidetzako larrialdien zuzendaritzari sarritan helarazi dizkiete euren eskaerak, baita sortutako 380 arazoren aktak ere. Erantzunik jasotzen ez dutela ikusita, protesta zabaltzea erabaki dute. Sinadurak batzen hasi dira.

 

Duela urte bitik hona igarri dute lanaren igoera. “Egoera izugarri estresagarriak dira. Urrun gaude ospitaleetatik, eta larrialdi kasu asko etortzen dira, gehiegi”. Euren ustez, egoera sozialak ere ekarri du gorakada hori, neurri batean: biztanleen zahartzea, lanean baimena ez eskatzeagatik arratsaldez joatea...

 

Txanda bakoitzeko, mediku bi, erizain bat, jagole bat eta gidari bat egoten dira. Durangaldeko etxeetatik datozen abisuak ere jasotzen dituzte, eta irteera askotan erizainagaz joaten da medikua. Horrela, Landakon ez da erizainik geratzen gaixoak artatzeko. Azken hilabeteetan, kasu hauetan, erreserban dauden erizain batzuei deitzen diete bertaratzeko. Denbora eskatzen du horrek: “Osasunean denboragaz jokatzen da. Nolabaiteko konponketa da, ez da erantzun zuzena”. Errefortzu hau irailean jazotako egoera baten ostean ipini zuen zuzendaritzak; Berrizen gertatutako istripu batera irten zuten, eta erizain barik zeudela, gaixo larri bi etorri zitzaizkien. Bati bihotzekoak eman zion, itxarongelan.

 

Asteburuetan behargin gehiago egoten da, baina gaixoen kopurua ere asko igotzen ei da. “Bataz beste 160 etortzen dira medikuarengana, eta beste 70 erizainarengana”. Zapatuetako beste zentroetako pediatria zerbitzuak ere bertara aldatu zituzten, baina pertsonala gehitu barik.

 

ZIU anbulantzia, Gernikatik

Lanerako baldintzek eragin handiagoa izaten dute kasu larrietan. Gainera, anbulantzia badaukate, baina Zaintza Intentsiboko Unitateduna (ZIU) Gernikatik etorri behar izaten da. “40 minutu horiek estuasun handiz bizitzen ditugu”. Aldarrikapenekin jarraituz, irteeretarako auto berri bat eskatu dute, oraingoa zaharra ei da-eta: “Aurrekoan ez zuen igo Mendiolako aldats bat”. Instalazioak ere txikiak direla adierazi dute, baina antza denez, obrak egitea onartu du zuzendaritzak.

 

Lan taldea ona dela diote, baina egoerak zailtasunak sortzen dituela: “Ondorio zuzenak dauzka zerbitzua jasotzen dutenengan, herritarrengan. Kolaborazioa eskatzen dugu, zerbitzu publiko on bat eskaini ahal izateko”. Zentroan batzen dituzte sinadurak, larrialdietako ordutegian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!