Osakidetzak lehiaketa publikora atera berri ditu Iurretan plataforma logistiko berri bat eraiki eta abian jartzeko lanak. ETBren egoitza izan zen eraikinean kokatuko den azpiegitura berrian 30 milioi euro inbertiduko dituzte, eta lanak amaitzeko urte biko epea aurreikusi dute. Hornidura sanitarioen eta ez-sanitarioen erosketa, eta, ospitaleetako eta osasun-zentroetako biltegietara egiten den banaketa optimizatzeko aukera emango du plataforma logistiko berriak, jakin eragin dutenez. Osakidetzaren erosketa-bolumena 500 milioi euro ingurukoa da, urtean, zehaztu dutenez.
Osakidetzako zentroetan materiala banatzen duten 2.000 hornitzaile inguru ditu Euskal Osasun Zerbitzuak. Material sanitarioaren erosketaren % 35,7 eta material ez-sanitarioaren % 17,1 zentralizatuta daude, eta gainerakoa erakunde sanitario integratuek eskuratzen dute, azaldutakoaren arabera. "Zentro logistikoaren oinarrizko helburua da, alde batetik, hornidura horien erosketa gehiago arrazionalizatzea eta sinplifikatzea, eta, bestetik, zentro bakar batetik kudeatzea ospitaleetako eta osasun-zentroetako biltegietara igortzen den materialaren bidalketa".
Lehiaketara ateratzen den kontratuak zentroaren diseinua, eraikuntza eta kudeaketa batzen ditu.
Hitzarmena Bizkaiko Aldundiagaz
Bizkaiko Foru Aldundiak, joan den apirilaren 3an sinatutako hitzarmenaren barruan, Euskal Telebistak (ETB) Iurretan zuen eraikin zaharra laga zion Eusko Jaurlaritzari, eta bertan eraikiko da "hornikuntza-eredu malgu eta efizientea inplementatzeko zentro logistiko berria".
Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, "etorkizuneko biltegia hartuko duen eremu horrek kokapen estrategikoa du, sareko edozein zentro hurbil baitu, eta autobiderako irteera erraza, zerbitzua arin egitea bermatuko duena. Gainera, balio teknologiko handiko 10.000 m² inguruko instalazio modernoa eraikitzeko aukera ematen du, ibilgailuak aparkatzeko eta kamioiak maniobratzeko leku egokiarekin". Eraikinak osasunaren arloko I+G+Bko jarduerak ere hartuko ditu, material sanitarioaren jarduera logistikoarekin lotuta.