Etorri berriekiko enpatia eta inklusioa sustatzeko jardunaldi sorta Durangon

Ekaitz Herrera 2024ko api. 12a, 12:53

Apirilaren 19tik 27ra Arrazakeriaren Aurkako Astea egingo dute Durangon. Aurtengo jardunaldien ardatz nagusia etorri berrien harrera izango da.

Durangoko Udalak Arrazakeriaren Aurkako Astea aurkeztu du goiz honetan. Jardunaldi sorta bat prestatu dute gizartean ematen diren bazterkeriazko jarreren aurrean enpatia eta inklusioa sustatzeko. Aurtengo edizioan, udalerrira iristen dire etorri berrien harreran egingo dute azpimarra. Hori dela eta herriko zerbitzuak ezagutarazteko ibilbideak antolatu dituzte etorri berrientzat. Besteak beste, Herritarren Arreta Zerbitzua, Lanbide, euskaltegiak eta Andragunea non dauden erakutsiko diete. Kafe-tertulia bat ere iragarri dute, migrazioaz hausnartzeko. 

Veronica Redondo immigrazio teknikariak zehaztu duenez, Durangoko biztanleriaren %9,8 atzerritarra. Urte hasierako datuen arabera, 2.993 durangarrek dute hiritartasun atzerritarra. "Azken urteotan, Erdialdeko Amerikatik eta Hego Amerikatik datozen herritarren etorrera nabarmentzen dabil. Kolonbiatik datozen herritarrena. Normalean emakumeak dira. Prozesu migratorioa haiek hasten dute, eta etxeko lanetan, zaintza lanetan bilatu ohi dute bizimodua", azaldu du Redondok. Durangoko herritarren aniztasuna azpimarratu du Immigrazio teknikariak. 50 baino gehiago dira herrian dauden askotariko hiritartasunak.

Aniztasuna indargune

Mireia Elkoroiribe alkateak arrazakeriaren kontrako "konpromiso sendo eta aktiboa" adierazi du. Aniztasuna Durangoko "indargunea" dela esan, eta herritarrak animatu ditu bateko zein besteko jardunaldietan parte hartzera: "Jardunaldiok baliagarriak dira arrazakeriaren errealitateez ikasteko, enpatia sustatzeko, eta errespetuzkoagoa eta bidezkoagoa den Durango bat egiteko". Jesica Ruiz alkateordeak ere herritarrak deitu ditu "aktiboki" parte hartzera. Arrazakeriaren Aurkako Astea ekintza sorta bat baino gehiago dela adierazi du: "Hausnarketa espazio hauek etorri berrien esperientziak eta beharrizanak hobeto ezagutzen lagunduko digu, horrekin harrera politikak hobetzeko". 

EGITARAUA

  • FILMA: Apirilaren 19an egingo dute egitarauko lehenengo ekintza, pelikula baten proiekzioagaz. San Agustin Kulturgunean Dounia eta Alepoko printzesa filma eskainiko dute. Pelikula kanadiarra da, André Kadik eta Maria Zarifek zuzendua. Umeek bikoiztu dute euskarara. Immigrazio Saileko iturrien esanetan, arrazakeriaren kontrako balioak eskola eremura hurbiltzeko eta ikasleak era inklusiboan hezteko film aproposa da. Emanaldia 18:00etan izango da.
  • KAFE TERTULIA: Apirilaren 25ean, World-kafea egingo dute Elkartegian. Bertan migrazioak dituen premiei eta baliabideei buruz hausnartuko dute. Jardunaldia 16:00etatik aurrera izango da.
  • BISITA GIDATUAK ETORRI BERRIEKIN: Apirilaren 27an, berriz, kalera irtengo dute, etorri berriei Durangok eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzera. Bisita gidatuak 10:30etan irtengo du Herritarrentzako Arreta Zentroaren aurretik. Gisa honetako ibilbide gidatuak ekainaren 20an, (10:30ean), urriaren 5ean (16:30ean) eta abenduaren 12an (10:30ean) errepikatuko dituzte.
  • Horrez gainera, Immigrazio Sailak jakinarazi du hainbat jarduera egingo dituztela herriko ikastetxeekin. Besteak beste zinema, Giza Eskubideak, prestakuntza eta irrati tailerrak izango dituzte. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!