Zapatuan Euskaldun Torneoko hirugarren lasterketa lehiatu zuten Markina-Xemein eta Durangoko Eiser-Hirumet taldeko Iñaki Trujillo (Getxo, 2002) irabazi zuen. Lasterketa bizia izan zen, ihesaldi bat baino gehiagokoa eta haizeak dezente gogortu zuen txirrindularien lana. Lekoiz mendateko jaitsieran taldetxo batek aurrera egin zuen eta hantxe sartu zen Trujillo. Helmugara arte heldu zen ihesaldian, Trujillo izan zen indartsuena esprintean.
Garaipen honekin Euskaldun Torneoko lider ipini da 28 punturekin. Hirugarren postuan Eiser-Hirumet taldeko beste txirrindulari bat dago: Haritz Felix Azurmendi, 20 punturekin. Bien artean Ander Ganzabal dago (Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa).
Euskaldun Torneoko hurrengo lasterketa Berriatuan izango da, datorren zapatuan. Durangaldeak ere hartuko du proba bat: martxoaren 31n izango da, Zornotzako Udaberri Klasikan.
Bugalloren oroimenezko lasterkerta
Bestalde, Durangaldeak junior mailako Aitor Bugalloren oroimenezko txirrindularitza proba hartu zuen atzo, Duranguesa txirrindularitza elkarteak antolatuta. Durangon hasi eta amaitu zen 80 kilometroko proba Bathco taldeko Marcos Freirek irabazi zuen. Ibai Villatek (Alimco-Campagnolo) eta Marco Martinek (Baque Team) osatu zuten podiuma.