Eguzki elektrizitate enpresak jaso du aurtengo MKD-Maristak saria, ikasleak formatzen egindako lanagaitik

Anboto 2023ko eka. 2a, 14:11

Maristak Ikastetxeko ikasleek euren diplomak jaso dituzte ekitaldi berean.

Maristak Ikastetxeak hainbat urte daramatza enpresekin hitzarmenak sinatzen ikasleen praktikaldiak hobetzeko. Lan mundurako lehenengo etapa horretan, ikasleentzako hain garrantzitsua den trebakuntza egokia eskaintzea da helburua. Hartueman horren haritik, Maristak Ikastetxeak enpresa kolaboratzaileei aitorpena egiteko sariketa abiatu zuen iaz. Aurtengo bigarren aldian Abadiñoko Eguzki elektrizitate enpresak jaso du MKD-Maristak saria. "Zuen moduko enpresek ulertzen dute ikasleak ikastera doazela enpresetara eta hori asko baloratzen da. Ikasleentzako oso garrantzitsua da etapa hori eta zuek behar duten denbora eskaintzen diezue", nabarmendu du Maristak Ikastetxeko Iñaki Narbaizak. Eguzki enpresako Javi Garridok eta Jon Azagirrek jaso dute saria.

Ikasleei diplomak

Maristak Ikastetxean egindako ekitaldi berean Lanbide Heziketako, Oinarrizko LHko, erdi mailako zikloko, goi-mailako zikloko eta espezializazioetako ikasle guztiek euren diplomak jaso dituzte.

Diploma banaketaren aurretik Unai Bernalek hartu du hitza. Maristetako ikasle ohia CIE Egaña —Berriz eta Zaldibar artean— eta CIE Udalbide —Izurtzan— enpresetako gerentea da gaur egun. Ikasleei lan munduari aurre egiteko hiru gako eman dizkie: "Lana, konstantzia eta jarrera".

Durangoko Udaleko ordezkariak ere izan dira ekitaldian. "Maristak ikastetxeak Durangorentzat duen balioa oso handia da. Profesionalak ez ezik baloredun pertsonak ere formatzen dituzte", adierazi du Ima Garrastatxu Durangoko alkateak.

Diploma jaso duten ikasleak.

Dani Irazola Maristak Ikastetxeko zuzendaria ekitaldiari hasiera eman dion hitzaldian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!