Emakume saharauiei lagunduko diete errugbi topaketan ateratako diruagaz

Anboto 2017ko mai. 9a, 21:43
Ekimenaren aurkezpen ekitaldiko parte hartzaileak Rugby tabernaren atarian.

Durango Rugby Taldeak kirola elkartasunagaz uztartuko du aurten ere. Batutako guztia menstruazio kopak erosi eta kanpamenduetara helarazteko erabiliko dute.

DRTk orain zazpi urte sortu zuen Tag Errugby Topaketa. Urtean zehar ikastetxeetan errugbia lantzen duten gaztetxoak hiru egunetan Arripausuetan batzen dituen jaia da, errugbia erdigunea dela. Aurtengo topaketak maiatzaren 10etik 12rako goizetan egingo dituzte.

Orain urte bi topaketari gizarte ikuspegia gehitzen hasi ziren. Aurten menstruazio kopak erosi gura dituzte emakume saharauiei bidaltzeko. Maria Unamuno Arrasate ospitaleko ginekologoak kopen onurak azaldu ditu gaurko prentsaurrekoan. “Kopak silikonaz eginda daude eta naturalagoak dira. Konpresak, esaterako, zelulosaz eginda daude eta arazoak eman ditzakete. Diru kontua ere hor dago. Kopa bat erabiltzea merkeagoa da, denbora asko irauten duelako eta berrerabili egiten delako”.

Rio de Oro elkartea arduratuko da kopak behar diren tokietara helarazteaz. “Proposamena interesgarria iruditzen zaigu eta gogotsu gaude. Orain Afrikako beste herrialde batzuetan menstruazio kopagaz lan egin duten elkarteekin hartuemanetan ari gara. Saharako elkarteetako emakumeekin ere berdin egingo dugu. Eurekin elkarlanean aritzea garrantzitsua dela uste dugu”, azaldu du elkarteko Henar Etxeberriak. Mikele Zumarraga, Ane Aizpurua, Ixone Gulin eta laurak dabiltza proiektu honekin.

Euro bat

Durangoko eta Traña-Matienako institutuan, Kurutziaga ikastolan, eta, Never´s, San Antonio-Santa Rita, Jesuitak eta Zabalarra ikastetxeetan itsulapiko bana utziko dute maiatza amaitu arte. Euro bateko aportazioa eskatzen dute, errugbi topaketetan parte hartuko duten gaztetxoen partetik zein laguntza eman gura duen edozein ikasleren partetik. Horrez gainera, gaia klaseetan landuko dela azaldu dute.

Nissan Gaursak euro bat emango du topaketan parte hartzen duen ikasle bakoitzeko. 1.300 bat gazte batzea itxaroten dute. Sarasketa farmaziak ere egitasmoa babestuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!