Errugbia eta solidaritatea eskutik aurten ere Durango Rugby Taldearen topaketetan

Anboto 2016ko mai. 5a, 10:44

Nissan Gaursak euro bat emango dio Rio de Oro elkarteari errugbi topaketetan parte hartzen duen gazte bakoitzagatik.

Durango Rugby Taldeak errugbi topaketak antolatuko ditu datorren astean, errugbirako zaletasuna sustatzeko. Iaz hasitako bideari jarraituz, aurten ere errugbia eta elkartasuna uztartu, eta dirua batuko dute Rio de Oro elkartearentzat, Nissan Gaursaren laguntzagaz.

Iaz ere Rio de Oro elkarteari lagundu zioten, baina orduko hartan material (arropa, garbitasun produktuak, jostailuak…) bilketa egin zuten. Aurten, zuzenean dirua jasoko dute, gero euren beharrizanetan erabiltzeko. Topaketetan parte hartzen duen gazte bakoitzeko euro bat emango du Nissan Gaursak. Iaz 1.200 gazte batu ziren, eta aurten kopuru hori gehitzea itxaroten dute, ekarpena ahalik eta handiena izan dadin.

Topaketek seigarren aldia egingo dute aurten. Durangoko institutuko, Kurutziaga ikastolako, Zabalarra eskolako, Never’s eta San Antonio-Santa Rita ikastetxeetako eta Abadiñoko institutuko gazteek (9-16 urte artean) parte hartuko dute. Astelehenean 14:30ean, eta eguazten, eguen eta barikuan 10:00etan elkartuko dira, Arripausuetan.

Aurten 12 ume Izurtzara
Rio de Oro elkarteak beharrizan bereziak dituzten ume sahararrak ekartzen ditu udan. Uztaila eta abuztua Izurtzako abadetxean ematen dituzte: “Aurten 12 gazte ekarriko ditugu, iaz baino bi gehiago. Euretako laurentzat lehenengo esperientzia izango da”, azaldu zuen Maider Caballero elkarteko ordezkariak. DRTari eskerrak eman zizkion “horrelako ekintzek gure lana posible egiten dutelako”, eta iaz jasotako materiala “oso baliagarria” izan zitzaien. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!