Durangoko bonbardaketaren egileen aurka, udalak kereila bat aurkeztea eskatuko du EH Bilduk

Anboto 2015ko aza. 24a, 12:58

Gaur arratsaldean osoko bilkura burutuko da Durangon, eta EH Bilduk bonbardaketen gaia plazaratuko du.

Durangoko bonbardaketekin lotutako eskaera bi aurkeztuko ditu gaur EH Bilduk. Alde batetik, erasoen egileen aurka kereila bat aurkeztea, eta horretarako, Bartzelonako AltraIitalia elkarteagaz elkarlana abiatzea, laguntza jasotzeko. Izan ere, elkarte horrek kereila bat aurkeztu du Bartzelonan, eta onartu egin du epaileak. Bartzelonako Udalak ere bat egin du auzi horregaz.

Bestalde, Italiako enbaxadagaz batzar bat egitea ere eskatuko du EH Bilduk. 2012an, Durango 1936 elkartearen mozio bat onartu zuen udalbatzak, Espainiar eta Italiar gobernuei barkamen eskaria exijitzeko. Ez omen da pasuorik eman, eta aurtengo martxoan, udalak batzar hori eskatzea onartu zuen, gaia zuzenean lantzeko. Baina ez batzarrik egon, eta EH Bilduk berriro proposatuko du batzarra egitea.

Azken asteetan berriro piztu da bonbardaketen inguruko polemika, Espainian zehar Italiako militar faxistak omendu dituztelako, ejerzitoaren urtemugaren harira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!