Espainia eta Italiari bonbardaketaren egiletza eta erantzukizuna onartzea eskatu diete

Anboto 2012ko ots. 29a, 09:36

Durango 1936 Kultur Elkarteak helarazi du mozioa. Alemaniak Gernikaren kasuan egin zuen moduan, Italiako eta Espainiako gobernuek bonbardaketen egiletza onartu eta barkamena eskatzea eskatu dute mozioagaz

Durango 1936 Kultur Elkarteak helarazi du mozioa. Alemaniak Gernikaren kasuan egin zuen moduan, Italiako eta Espainiako gobernuek bonbardaketen egiletza onartu eta barkamena eskatzea eskatu dute mozioagaz.

 

Mozioagaz, bonbardaketako biktimei orain arte emandako tratamenduan desadostasuna agertu dute, eta "Frankismotik hona egia isilarazteko egon den isiltasunaren aurrean" desadostasuna agertu dute. Italiako eta Espainiako gobernuei bonbardaketaren egiletza eta erantzukizuna onartzeko eta barkamena eskatzeko eskatu diete eta  bonbardaketa ondoren herria berreraiki zutenei eskerrak ematea aldarrikatu dute.

 

Mozioko puntu gehienak adostasun zabalagaz onartu dituzte alderdi politikoek, PPren abstentzioagaz. Gobernuei barkamena eskatzeko eskaria egiten zuen puntuan, ordea, PSE-EE ere abstenitu da: "gobernu demokratiko batek ez dauka zertan gobernu faxista batek egindakoaren barkamena eskatu behar", azaldu du Pilar Rios sozialistak.

 

PP abstenitu egin da mozioko puntu guztietan. Juanjo Gaztañazatorrek gerra zibilean "bi aldeek" sufritu zutela eta trantsizioan "elkarbizitzarako zutabeak" eraiki zirela adierazi du: "memorian izan behar ditugu, gorroto barik eta adiskidetasun espirituagaz.

 

Aralarreko Dani Maeztuk Gernikako bonbardaketaren 60.urteurrenean Alemaniako presidente Roman Herzogek eskatutako barkamen berbak irakurri ditu.  Nabarmendu duenez,  "Alemaniak Gernikagaz kondolentzia eta dolua konpartitzen zuela adierazi zuenean, ez zen gobernu nazia: Estatuek euren iragana onartu behar dute, eta iragan hori faxista izan zen".

 

Bilduk begi onez ikusi du "udalak mozioak biltzen dituen konpromisoak hartzea". Durango 1936 Kultur Elkarteak egiten duen lana nabarmendu du, eta "pena" adierazi du, "bonbardaketaren urteurreneko ekintzetan udal gobernua ez delako elkarteagaz batu, hain talde aberatsa izanda".

 

Alkatea, EAJ eta senide moduan

Aitziber Irigoras alkateak mozioaren helburuekin bat egiten duela adierazi du. Salatu du bonbardaketak ez zuela helburu militarrik, "gizartean beldurra zabaltzea baino", eta "kondenagarria" dela, "orduan eta orain". EAJren eta "senide modura" bere izenean eskatu gura izan du barkamena: "ezkerraren eta eskumaren arteko gerra izan zela esaten da, baina abertzaleen memoria aldarrikatu gura dut". Irigorasek senitartean gudariak, errefuxiatuak eta Durango berreraikitzen ibilitakoak izan zituela gogoratu du.

 

Durango 1936 Kultur Elkartearen berbak

Pleno amaieran, Durango 1936 Kultur Elkarteko Andoni Barreñak hartu du hitza. Alderdi politikoen babesa eskertu du, eta " adostasun zabalagoa" itxaroten zutela adierazi du: "ahalik eta gauza orokorrena idazten saiatu gara guztiek onartu ahal izateko, baina agian ez dugu jakin formulatzen". Alemaniaren adibidea gogoratu du, eta azaldu du"elizak edo Aita Santuak inkisizioagatik barkamena eskatu duten moduan" ikusten dutela barkamen eskaera.

 

Duela 75 urteko bonbardaketan Durangoko populazioaren % 5 hil zela nabarmendu du: "bonbaketak ez zuen herritarrik bereizi; krudelkeriak ez du diskriminaziorik egiten". Bonbardaketaren egiletza luzaroan isilik egon dela salatu du, eta erasoaren ostean Durango berreraiki zutenen lana aitortzeko eta eskertzeko beharra nabarmendu du: "badakigu nork garbitu eta berreraiki zuen Durango. Herritarrak eta esklabu errepublikarrak izan ziren".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!