Durango Rugby Taldearen porrot txalogarria

Anboto 2015ko api. 29a, 12:01

Durango Rugby Taldea Ohorezko Mailara igotzeko ia aukera barik geratu da San Cugaten contra 19-27 galdu ostean. Baina partidu amaieran, etsipena barik harrotasun sentipena nagusitu zen zaleen artean. Partidu bikaina jokatu zuen DRTk eta estu hartu zuen Kataluniako talde boteretsua.

Garaipenek beti aho zapore gozoa uzten ez duen moduan, porrotak ere ez dira nahitaez atsekabearen sinonimo. Ondo dakite hori joan zen domekan Arripausuetara batu ziren errugbizaleek. Durango Rugbi Taldeak galdu egin zuen igoera faseko bigarren partidua (orain arteko bi partiduak galdu ditu), baina partidu amaieran jokalarien eta zaleen arteko elkartasuna erabatekoa izan zen. Den-dena eta gehiago ematen dutenei bakarrik eskaintzen zaien txalo zaparradaz agurtu zituzten jokalariak.

Partidua aldatz gora hasi zen DRTrentzat. San Cugatek lehen minutuan lortu zuen aurreneko entsegua. Durangarrek ez zuten kolpe hori gehiegi nabaritu eta oso partidu parekatua jokatu zuten. Partiduko azken txanpara 19-22 heldu ziren; DRTk entsegu bakarrera zuen garaipena. Indar hustu arte saiatu ziren, eta balentria oso gertu izan zuten. Azken erasoaldietako batean, kataluniarrak atzean hertsita zeudela, DRTk berbertan izan zuen entsegua lortzeko aukera: “Arripausueta beteta, zaleak zutik animatzen eta bultzatzen, itzela izan zen”, gogoratu du  Joan Manuel Iriondo DRTko presidenteak. Azkenean, kataluniarrek baloia berreskuratu, zelaia alderik alde zeharkatu eta entsegu erabakigarria lortu zuten.

Zaleen jarrera eta jokalarien lana azpimarratu ditu Iriondok: “Zelaia sekula ez dut hain beteta ikusi eta kriston giroa bizi izan genuen; partidua bera itzela izan zen. Sekula jokatu ez dugun moduan jokatu genuen”.

Igoera faseko hirugarren partidua domeka honetan jokatuko dute, 12:00etan, Arripausuetan. Caja Sol Sevilla taldea izango dute arerio eta Ines Etxegibelen jokalariak gerra emateko prest daude.

Partidua hasi aurretik Berasaluze II pilotari berriztarrak ohorezko sakea egingo du. Joan zen astean egin moduan, DRTk denda bat jarriko du domekako partiduan eta norgehiagokaren ostean jan-edana eskainiko dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!