Igerilekuetako enpresa defizit egoeran zegoen

Anboto 2015ko ots. 20a, 15:01

Merkatarien elkarteak Dendak Bai Gizarte Zerbitzuak S.L. enpresa sortu zuen igerilekuetako enpresa gestionatzeko. Azaldu dute 2014 amaieran defizit egoeraz jabetu zirela, eta otsailean Gizarte Segurantzak kontu korronteak bahitu zizkietela. Taberna ixtea erabaki dute, eta LABek txarto gestionatu dela kritikatu du; kritiken artean, soldatak ordaindu ez izana dago.

Dendak Bai elkarteak piztu den polemikaren inguruan gauzak argitu gura izan ditu prentsa ohar baten bidez. Arduradunek gogoratu dute 2013an sinatu zuela akordioa udalagaz, eta tabernaren gestioa eroateko enpresa bat sortu zutela. Euren arabera, Dendak Baik gizarte bazterketa egoeran dauden beharginekin lan egin izan du, eta udaleko enplegu planetan ere parte hartu du. Ondorioz, udalak eurek kontratatzea bidezkoa izan zela uste dute.

Elkartearen gerenteari eman zioten tabernako enpresa gestionatzeko ardura: "Elkartearen kudeaketan urtetan garatutako lana ikusita, zuzendaritza batzordeak konfiantza osoa zeukan beragan". Gero, 2014an jakin ei zuten enpresaren benetako defizita zein zen, eta udalagaz hartuemanetan ipini ziren egoeraz aztertu eta bideratzen saiatzeko.

Adierazi dutenez, beharginei zor zaizkien soldatak ordaintzea gura zuten, baina Gizarte Segurantzak kontuak bahitu zizkien otsail hasieran. Bestalde, taberna martxoaren 15era arte (baimena amaitzeko epea) zabalik edukitzea gura zuten, udalagaz horrela hitzartu zutelako, baina beharginak ezin ordaindu ibilita, arinago ixtea erabaki dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!