LABek igerilekuetako taberna "txarto gestionatu" dela dio

Anboto 2015ko ots. 19a, 13:47
LABek protesta egin du gaur goizean, Durangoko udaletxe parean.

Otsailaren 15ean Landakoko igerilekuetako taberna itxi egin zuten, eta Aste Santura arte gutxienez horrela egongo da. Izan ere, tabernaren gestioaz arduratu den Dendak Bai merkatari elkarteak lizentzia amaitu aurretik ixtea erabaki du; martxoan amaitzen zitzaion eskumena. Udalak martxora arte ez du berriro kontratazio fasea zabalduko, eta bitartean freskagarri eta kafe makinak ipiniko dituzte tabernaren espazio berean.

Itxiera gatazkatsua izan da langileekin, eta LABek egoera salatu du. Sindikatuaren ustez, Dendak Baik “txarto gestionatu du”, eta udalaren partetik “utzikeria” egon dela kritikatu du.

Kobratu barik
Beharginak lanera bueltatzeko eskatzeko, LABek protesta egin du goizean, udaletxe parean. Bost lagun egon dira tabernan beharrean, eta, sindikatuaren arabera, azken hilabete bietan kobratu barik egon dira. Horregatik, dirua bueltatzea eskatu dio Dendak Bairi. Baina sindikatuaren kritika hori baino sakonagoa da. Alfonso Aranguren ordezkariak azaldu du zor zitzaiena baino postu baxuagoan egon direla baloratuta; hau da, zerbitzariei dagokiena beharrean laguntzaileei dagokiena ordaindu dietela.  

LABen iritziz, azken hil bietako egoerak “tentsioa eta estresa” sortu ditu beharginengan, eta gestioaren arduradunak jo ditu errudun. Arangurenek kontatu duenez, datorren astelehenean batzartuko dira Dendak Baigaz. Udalaren berririk ez dute izan, eta, EH Bilduren bidez udalbatzarrean gaia komentatu arren, sindikatuak ez du erantzunik jaso.

Adjudikatzeko moduaz
Bestalde, zerbitzua adjudikatzeko udalak erabilitako modua kritikatu du Alfonso Arangurenek. Udalari egotzi dio “haren nahiaren arabera eta ezkutuan ibilita” adjudikatu izana. Prozedura horren kontrara, taberna publikoaren kudeaketa udalak zuzenean eraman dezala exijitu du LABeko ordezkariak, eta kalera botatako beharginak berriro kontratatu ditzala ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!