Euskarak 365 Egun

"Askotan gertatzen zait euskaraz dakitenak gaztelaniaz entzutea"

Anboto 2014ko aza. 20a, 15:00

'Gurean' egitasmoaren baitan, euskara indartzeko saioak hartzen dituzte Yong Jie Hu eta Mila Soledad Mbo gazteek. Txinatik eta Ekuatore Gineatik etorri ziren gazte hauek Durangora bizitzera, eta eskola horietan pozik dabiltzala diote. Durangoko Udaleko Immigrazio Sailaren ekimenez, Berbaro euskara elkarteak du eskolak ematearen ardura.


Biekin euskaraz izandako solasaldian, euskaragaz duten hartu-emanari buruz jardun dute, eta gogoetarako aukera uzten duten anekdotak kontatu dituzte.Yon Jie Huren gurasoak txinatarrak dira, 9 urtegaz etorri zen Euskal Herrira, eta Fray Juan de Zumarraga institutuan ikasten du. Mila Soledad Mboren gurasoak Ekuatore Gineakoak dira, 4 urte zituela etorri zen handik hona, eta Kurutziaga ikastolako ikaslea da.

Pentsatzen dutena euskaraz nahiko ondo adierazteko kapaz dira, baina Milak gehiago ikasi gura du: “Gauza batzuk adieraztea kosta egiten zait oraindik, eta hemen asko laguntzen didate”. Yong Jiek ere bere euskara maila hobetzeko darabiltza Berbaroko eskolak. “Baina, horregaz batera, lagun piloa ezagutu dut; ondo pasatu, eta asko ikasten dugu”. Aditzak eta berba jakin batzuk batzuetan mihi puntan geratzen zaizkiola onartu du Milak, baina euskara ikasteko prozesutik zailena egiten zaiona besteek diotena ulertzea da: “Aditzak ondo erabiltzea kosta egiten zait, baina hobetzen nabil; hitz egitea baino, euskara ulertzea da gaitzen egiten zaidana”.

‘Agur’ euskarazko berba da?
Yong Jiek, Euskal Herrira etorri zenean, ez zekien euskara existitzen zenik: “Gaztelaniaz bakarrik egiten zela uste nuen”. Horregatik, kalean agur esaten ziotenean, gaztelaniazko beste berba bat zela uste zuen, harik eta lagun batek euskaraz agurtzen zutela jakinarazi zion arte: “Orduan izan nuen lehenengoz euskararen berri”. Harrezkero euskara ikasi gura du. Gurasoek ez zioten trabarik jarri, baina euskarak Euskal Herrirako bakarrik balioko ziola gogoratzen zioten: “Berdin zitzaidan, nik euskara ahalik ondoen ikasi gura nuen”.

Euskara ondo dakitenen, baina ondoren kalean erabiltzen ez dutenen errealitatea gertutik ezagutzen dute biek: “Askotan gertatzen zait euskaraz dakitenak gaztelaniaz entzutea. Batzuek esaten didate alferra ematen diela euskaraz berba egiteak”, dio Yong Jiek. Milak ere egoera berberak bizi dituela dio, eta ikastolako gelan irakurtzen duen esaldia gogoratu du: “Euskara ez da galduko ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baino. Ez dugu euskaraz egiten egin beharko genukeen beste”.

Bi gazte hauek erabiltzen dute euskara, eta etorkin gazteak euskaraz entzuteak harridura sortzen duela onartu dute: “Kalean lagunekin euskaraz nabilenean, batzuetan jendea niri begira geratzen da, harrituta, eta euren kolkorako pentsatzen dute: ‘euskaraz ari da!’”, dio Milak. “Niri ere batzuetan harriduraz begiratzen didate”, gehitu du Yong Jiek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!