Durangoko Azokaren egitaraua aurreratu dute Guneetako arduradunek

Anboto 2014ko aza. 12a, 12:11

Hogeta hiru egun barru Durangoko 49. Azokaren areto nagusi bilakatuko den Landakogunean aurkeztu dute gaur, abenduaren 5etik 8rako guneek antolatu duten egitaraua.

Gerediaga elkarteagaz Durangoko Azokaren antolakuntzan diharduten zortzi guneen bozeroale jardun dira Lutxo Egia eta Arrate Illaro, gaurko agerraldian. Durangoko Kulturaren Hiriko guneen puntuak loturik, Durangoko 49. Azokaren marrazkia osatua dagoela irudikatu du Egiak, aurkezpenean. Areto Nagusia, Ahotsenea, Kabi@, Irudienea, Saguganbara, Plateruena, Szenatokia eta Azoka TB dira gune horiek, eta hainbat disziplinatako programazio oparoa prestatu dute Durangoko Azokaren egunetarako.

Abenduaren 5ean, Ikasle Egunagaz abiatuko dute Durangoko Azoka. Haur eta gurasoentzako Saguganbara gunea ere kudeatzen duen Berbaro elkarteak, 30 saiotik gora antolatu ditu egun horretarako. 36 ikastetxetako 1.170 ikaslek hartuko dute Ikasle Eguneko tailerretan parte.

Musika taldeen eta idazleen sorkuntzen zuzeneko parte-hartzea oinarri duen Ahotsenea gunea koordinatzeko ardura hartu du Lutxo Egiak, eta aurreratu du, aurreko urteetan bezala sortzaile batzuk kanpoan geratzea ekidin helburuz, bi karpa atonduko dituztela aurten, Durangoko Azokaren egunetan 55 kontzertu eta 35 solasaldi hartzeko.

Gaurko aurkezpenean Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak azpimarratu du, kulturgintzari buruzko kezka eta gogoetak Durangoko Azokaren erdigunera ekarri gura izan dituztela 49. edizio honetan: kultur sektorearen kezka, erronka eta gogoetak jasoko dituen espazioa egokituko dute. Eunero hiru saio egingo dituzte: elkarrizketa pertsonalak, bi lagunen arteko solasaldiak eta mahai-inguruak burutuko dituzte hizkuntzari, finantzazioari eta transmisioari buruz gogoeta egiteko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!